argia.eus
INPRIMATU
Pellot kortsarioa Hendaiarat itzuli zenekoa
  • Hoztatik –Baxenabarreko Oztibarretik– Hendaiarat tanko arribatu zen Asisko, karpeta bete komiki, Literatura eskolako ikasturte honetako zortzi emanaldietako zazpigarrena osatzeko. Eta guk ikasleok, eiki, Zazpiak Batmaneko kidearen itzulera bapo profitatu genuen.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2015eko apirilaren 28a
Asiskok Hostoilac berpiztu zituen Hendaiako École publique delakoan

Hostoak ostuz. Literatura, komikiaren ixtoriborda eskaini zigun komikigileak. Hostoak ostu barik –karistiarren erara, oraingoan–, mahai-gainean barreiatu zituen bere komiki preteknologikoak. Literaturan pulunparazi gintuen Ixtoriborda emateaz batera: To play! To eta no!

Ez ginen elemenia bildu Hendaian. Alta, elez beste hitz eta berba anitz iradoki zizkigun baskoiaren mintzoak. Meniarik ez, pirataren jardunean. Historia arakaturik, bere historian os(a)tutako istorio grafiko andana ederra eskaini zigun.

Hona arrasto zenbait:

“Espainolek eta frantsesek apenas ezagutzen gaituzte…”, erran zuen azeriak, Pellot kortsario hendaiarra protagonista duen Biba festa komikia eskifaiaren esku utzita. Pelloten gisara, Asiskok I’m Pelloten karietara bizitako enbaxadak helarazi zizkigun. Itsasoetatik ekarritako mezuak enbaxadak dira bere mintzoan, pirata onen antzo, informala baita Asisko. Formala batere, edo. Eta horrek komunikazioa errazten du. Omen, ei edo!

Gure historia espainiarrek eta frantsesek kontatu digute funtsean. Hartara, ba ote euskal mundu posible bat? Bai, baldin eta gure barnean daramatzagun frantsestasuna eta espainoltasuna –gure tasunak eta asunak– umore beltzez eta kaustikoz erretzen baditugu. Kar, kar, kar… barra-aldiak gailendu ziren brankan, brauki!

Catachu ostatuaren historia kontatu zigun iruinsemeak, Iruñeko Asiskoren proto-historia. Photo erabiltzen zen garaikoa. Historia horren fotokopien originalak behatu genituen: Osasuna futbol taldeko Catachu jokalaria, Javier Ziga margolaria edota Catherine Labrit pertsona(i)en (h)istorioak argitu zituen, besteak beste. Catherine Labriti esker Nafarroako Erresumako gol apokrifoaren berri ukan genuen.

Tabernetan mozkortu baino lehen, horditu izan bide gara euskaldunok. Egun berriz, nekaporraturik bizitzeak haizu behar luke. Hartara, Etchepare edo Garibay izen sonatuez beste Joakin Lizarraga eta Claveria ezagutuko genituzke, baita etxaperroak –izan– garela ezagutu ere. Gure burua errekonozitu behar dugula, alors eta vervi gratiaz!

– Napharteid fanzinea lekuko –mahaiko, kasuon–, Mikel Zabalza, Joxi eta Josean malapartatuek –zendu berri den– Eduardo Galeanoren Galeoian nabigatu zuten. Euskaldunon potretak protohistoria dirudi, baina gezurra duzu. Galeanoren hitzei eta Patxi Huarte Zaldieroa pirataren behialako marrazkiei esker –ere–, “malapartatuak” memoria kolektiboaren presente dira.

Historia berreskuratzeko istorioez –Inazio Loiolakoaz edota Xabierko Frantziskoz– hagitz daki Asiskok. Jon Etxaide –idazle gogoangarria edo gogaikarria, gogoratzen duenaren arabera– eta Sebastian Uria inkisidoreak galeoiaren istriborrean agertu ziren. Argiak –erran zuen Asiskok– inkisidore horien erasoetatik salbatu zuen iraganean, alafede. Amen geroan ere!

Asiskoren egungo gomendioak Kepa Altonagaren Back to Leizarraga du loria, eta zoriak garai hartako latinetik jasotako fruitu zoliak. Gero, Sabino Arana majaderoak fruituak jausi baitzituen eta igaliak erne. Ene, erne! Fruituak edo igaliak, fotoak edo argazkiak, abioiak edo hegazkinak. Lexikoa eta sintaxiak, horra gure borrokaren ardatzak. Zeinaren eta non garen arau, baita zergaren arau, salau! Graziosoa, ezta?

Arantzak arantza, XIX. eta XX. mende arteko zulo izugarri hartatik hala edo nola irten ginen. Egun berriro ere, eskuin abertzalearen nahiz ezker abertzalearen mintzo demasietatik ateratzea dugu koska! Asiskoren diskurtsoaren ardatza ontsa endelegatzera, bien praxiak errotzen lagundu ezean, erroitz bidera eraman gaitzakete biek ala biek.

Erro eta hitz, ele eta mele. Euskaltzaindiaren igerilekuan soilik bainatuz gero, ur garbia soberania dugu. Pizina, piszina edo pistina usatu behar ditugu nasai lasai, laxo eta solte. Parkina aski zaigu “aparkaleku” luzeeeee barik. Euskara malapartatzeko era asko dago, montvieux!  

Pausatxo bat tarteko, hiru orenez mintzatu zen jabal eta zabal Asisko Pellot kortsarioa. Itsasoak nola, jabal batzuetan kexu zenbaitetan.

Hara, ixtoribordaren herena baino ez, eta luzeeeeee joan zait kontatua. Gure astoak buztan luze, besteek hala dutela uste. Gezurrak ere isats luze, alafede!

Hona finitzeko, ene irudira, zenbait adibide konparazionera:

Geure karpetak astindu behar ditugu hautsak aireratu alderat eta apetak inarrosi libre mintzatzeko .

Euskal historia galduaren abenturetan dago gure hizkuntzaren lirismoa. Kasu anti-eboluzionistei!

Espainol, frantses edo anglosaxoien (h)istorioak  itzuli beharrean –edo itzuli ez ezik– sortu ditzagun berri(ok)!?  Hostoilac ez dira istorio(h)ilak.

San Balendin (Berriotxoako) lako santuak sutara ez –haien tamainako anti-euskaldunak ez bihurtzeko–, baina galeratara igorri ditzagun fite eta fedez.

Konkistatu eta kristautu hitz sinonimoak dira. Konkistatzaileen liburuen antzo, santuak santu, apokrifoak.

Kasu inkisidoreei. Pierre de Lancrek Errostegi zuen aitona, baxenafarra hau ere. Kasu euskaldunei, horiek batira zinezko Arroztegiak

Charlie Hebdori gertatuaz mintzatu ginen –ere–. Kasu liberté égalité fraternité delakoaren menpeko laikotasunari, kasu Espainiako demokraziari eta Frantziako Errepublikari.

Oihenart laikoa oroit, Gure egunero orgia iguc egun.

Kasu laizisto listoei –ere edo hebdo–, Argia astekaria edo hebdo astakeria izan, kasu eman eta izan (h)adi!  

Post-scriptum: Emeak ziren gehienak, baina hiru ar baginen ere. Anartz izan zen azkena arribatzen, ez sekulako berantaz halere. Kronika grafikoa egitea sujeriradoki zidan karistiarrak. Horra ene ixtoriborda edo ababorrekoen ostixek. Egiazkixe edo faltsue, Iruña-Veleiako grafitoen historia legetxe!?