argia.eus
INPRIMATU
Pello Zubiriaren ‘Planeta Prekarioan’ liburua argitaratu du ARGIAk, XXI. mendeko krisi eta erresistentzien kronikak
  • Gaur egungo eta etorkizuneko mundua ulertzeko gakoak eskaintzen dituen ezinbesteko liburua kaleratu du ARGIAk, Pello Zubiria Kamino kazetariaren eskutik. Aldizkariaren Net Hurbil sailean hogei urtez egindako artikulu mamitsuetatik abiatuta, munduko bazter askotako krisi eta erresistentziak kontatzen dituen lan bat da. Azaroaren 5a bitartean ARGIAko kide egiten direnek etxean jasoko dute opari.

ARGIA @argia 2023ko urriaren 25

ARGIAk Pello Zubiria Kaminoren Planeta Prekarioan. XXI. mendeko krisi eta erresistentzien kronikak liburua kaleratu du, aldizkariko Net Hurbil sailean 2002an hasi eta 2022ra arte idatzitako ehundaka artikuluen artean egindako hautaketa bat, aktualitateko gaiak eta etorkizuneko auziak jorratzen dituzten planetako kontinente guztietako gertaera, historia, bizipen, datu eta analisiekin.

Azaroaren 2an izango da aurkezpen publikoa, ARGIAren Lasarte-Oriako egoitzan, eta datorren astean egilearekin egindako elkarrizketa zabala argitaratuko du aldizkari honek, paperean eta podcastean.

Zubiriak ibilbide luzea egin du euskal kazetaritzan. ARGIAren lan-taldean 1980ko hamarkada hasieratik jardun da, baita horren inguruan sorturiko proiektuetan ere: Antza inprimategian, Euskaldunon Egunkarian, Ametzagaiña taldean... Ezkerreko ekologismoaren militante, kazetaritza oinarri horretatik egiten saiatu da eta Planeta Prekarioan da horren erakusgarri.

Etorkizunari begiratzen dion liburua

Hautaketa eta edizio lanetan ARGIAko lantalde bat aritu da: "Hau ez da bilduma soil bat. Erredakzioan, kazetariok maiz miretsi izan dugu Pelloren abilezia etorkizuna astindu duten aldaketa tektonikoei aurre hartzen dieten irakurketa zorrotzez jabetzeko. ARGIAko lankideok liburu hau egiten tematu baldin bagara, gaurko eta biharko mundua hobeto ulertzeko balio dezakeela ikusten dugulako da".

“Zubiriak aberats eta boteretsuen indarkeria eta zinismoa ikertzen ditu oro har. Aldi berean, garbi erakusten digu jende xeheei dien enpatia"
Emilio Lopez Adan, Beltza

Liburuak hasieran Petersen proiekzioan oinarrituriko munduko mapa eder bat dakar, Adur Larrea ilustratzaileak egina, eta aitzinsolasa Emilio Lopez Adan Beltza-k idatzi du: “Zubiriak aberats eta boteretsuen indarkeria eta zinismoa ikertzen ditu oro har. Aldi berean, garbi erakusten digu jende xeheei dien enpatia, sufritzen dutena salatzeko edo beraiek sortu iniziatibak gogoratzeko”, dio Beltza-k. Hitz batean esanda, liburu honek ezin hobeto laburbiltzen du ARGIAren kazetaritza egiteko modua.

Egin ARGIAkoa eta jaso etxean

Horrelako lanak idatzi eta argitaratzea ez litzateke posible izango ARGIAko kideen babesik gabe, beren diru-ekarpenari esker egiten baitugu kazetaritza independentea.

Planeta Prekarioan liburua eskuratzeko eskaintza berezia jarri dugu abian azaroaren 5a arte: Epe horretan ARGIAko kide egiten direnek etxean jasoko dute opari, eta lehendik kide direnek 20 euroko prezioan erosi ahal izango dute egun hori arte, azoka@argia.eus helbidera idatzi edo (+34) 943 37 15 45 telefonora deituta.

Gainerakoentzat, ARGIAren Azokan dago salgai.