argia.eus
INPRIMATU
Pello Urizarrek EAko idazkari nagusi izateari utzi dio
  • Astelehenean aurkeztu du dimisioa, Eusko Alkartasunaren Kontseilu Nagusiaren bilkuran, arrazoi pertsonalak direla eta. Urizar geroz eta kritikatuagoa zen alderdiaren barruan, eta azkenean, 2017ko kongresuaren ostean adierazi bezala, ez du idazkari nagusi izateko epe guztia agortu.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko ekainaren 25
Pello Urizar Bilduko prentsaurreko batean.

E-posta bidez helarazi die Pello Urizarrek Eusko Alkartasunako militante guztiei dimisioa. Joan den ostiralean Urizarrek hamar urte bete zituen alderdiaren buruzagitzan, eta astelehenean egindako Kontseilu Nagusiaren bileran adierazi zien alderdi-kideei kargua utziko zuela.

2017ko ekainean Eusko Alkartasunak egin zuen XII.kongresuan ahulduta atera zen Urizar; izan ere, EAko sektore kritikoak alderdiaren buruzagitza bereganatu eta barne-aldaketa batzuk egiteko proiektua aurkeztu baitzuen hilabete batzuk lehenago. Hau dela eta, Pello Urizar alderdiko idazkaritzaren buru mantendu zen, baina militantzia oso polarizatu baten laguntzaz. Maiorga Ramirez, bigarren hautagai nagusia, irabaztear geratu zen, baina Urizar atera zen azkenean lehen idazkari. Barne-apurketa zela eta, kongresua amaitzean ziklo politikoa osorik beteko ez zuela adierazi zuen Urizarrek.

Nahiz eta EAren sektore kritikoak EH Bildu koalizioa zalantzan ez jarri, EAren kongresuaren ondoren izan zen koalizioaren birfundatzearekin desados zeuden. Maiorga Ramirez buru duen sektore hau beldur zen EH Bildu alderdi bakarrean bihurtuko zen ala ez, eta beren hautaketarekin EA barruan gardentasuna, partaidetza eta barne demokrazia bermatu nahi zuten kritikoek.

Alderdiaren estatutuei jarraiki, Kontseilu Nagusia ez-ohiko asanblada bat deitu du behin-behineko idazkari nagusi bat aukeratzeko, eta halaber, idazkari nagusi berria aukeratzeko prozedura irekitzeko.

Astearte honetan prentsaurreko bat emango du Urizarrek Donostian, bere dimisioaren zergatiak plazaratu eta hamar urteko bide honetan lagundu duten pertsonei eskerrak emateko.