argia.eus
INPRIMATU
Pello Urizar gailendu zaio Maiorga Ramirezi
  • Pello Urizar izango da EAko idazkari nagusia berriz ere, atzo Donostian egindako EAko kongresuak hala hautatu ondoren. Botoen %52,4 lortu zituen eta bere aurkariak, Maiorga Ramirezek, %47,6.

ARGIA @argia 2017ko ekainaren 05a
Argazkia: EA

Azken urteetan EAren barne giroa lasaia izan bada ere, oraingoan lehia handia izan da, bai zuzendaritza hautatzerakoan eta bai ildo politikoari dagokionez. Arazo nagusia EH Bilduren barruan izan beharreko kokapena izan da eta bi sektore nagusi izan dira aurrez aurre.

EH Bildu koalizioa bere izaera berraztertzen ari da indar politiko sendoagoa bilakatzeko asmotan: koalizioa izaten jarraituko luke, baina bere egitura politikoak indartu egingo lituzke, esate baterako koordinatzaile orokorra izendatuz, bere zuzendaritza propioa sendotuz edo EH Bilduko militante figura sortuz, alderdietatik haragokoa.

Prozesu horrek ekarri du banaketa EAren barruan. Maiorgak gidatutako sektoreak –Carlos Garaikoetxea alderdiko sortzailearen sostengua duena– alderdietan oinarritutako EH Bildu nahi du, bere egiturak gehiago sendotu gabe; EH Bildu indartuz gero EAren etorkizuna arriskuan ikusten du sektore honek. Iruñeko EAk, esaterako, EH Bildutik ateratzea proposatzen zuen, behin EH Bildu zer den finkatu ondoren, honekin berriz ere koalizioa egiteko asmoarekin.

Azkenean EH Bilduren izaeraz bi aldeek akordioa lortu zuten kongresuan, baina ez zuzendaritzaz, eta gipuzkoarraren zerrenda gailendu zen ozta-ozta. Adostutako ildo politikoaren ponentzia bozkatzerakoan, %76k alde egin zuen, %20k aurka eta %4 abstenitu egin zen.

EH Bilduk ekainaren 17an egingo du bere kongresua. Orain arte alderdiek berretsitakoa onesten bada, Arnaldo Otegi litzateke EH Bilduko koordinatzailea.