Urriaren 18an, bi idazle baztandar bildu ziren Iruritako Jauregiarte Taberna kulturalean: Pello Salaburu eta Hasier Larretxea. Bi belaunaldiko idazleak. Errateko nituenak (Cuzcoko kronika) eta Larremotzetik liburuen egileak, hurrenez hurren. Erein argitaletxeko Inazio Mujika Iraolak erran zuenez, “ez dira sobera idazle baztandarrak”. Hartara, pozgarria izan zen euren liburuak elkarrekin aurkezten ikustea lagun andanaren aitzinean.
Pello Salaburu ezagutzeko parada izan zuela adierazi zuen Hasier Larretxeak. Hona, Errateko nituenak liburuaz izan zituen pasarte zenbait:
H. L.: Pelloren liburua lanbro arteko kronika da. Koktel gisa aurkeztu daiteke, koadro inpresionista baten zertzeladak biltzen baititu: kronika, fikzioa, autobiografia, gogoeta eta ikerketatik emandakoak. Estetikarekiko eta literaturarekiko konpromiso humanista dakar zabaltasun osoz, halaber baina, liburua konpromisorik gabe zertu du: libre. Errateko zituenak arrapaladan paratu ditu, hizkuntza eder eta soilez. Haraneko hiztegi aintzarekin hurbildu zaigu, niri ezezagun nituen istorioak eta bizipenak hurbilarazi dizkit.
Errateko nituenak bere esparruko lanetan bete ezin izan zituen esperantzak betetzeko idatzia da. Bizitzako gertaerak surrealismoaren ukituak dituztenez, umorearen presentzia berebizikoa da. Aste batean, Peru eta Euskal Herriaren artean, biak ala biak lan esparruak dituela, iragana eta oraina uztartuz, bere bizitzako kronika txirikordatu du memoria bidaia den liburu honetan.
Kitxuen zibilizazioa epopeia gisa ekarri digu. Hainbat gaiei buruzko iritzia eman du ironia sotil eta finez, harriz eta herriz osatua. Literatura lan ausarta bezain duina eskaini digu Pellok, ekialdeko euskalkietatik lehenago iritsi gabeko lerrokadurak ekarri ditu, irakurle ororen gozamenerako eta ikasketarako lagungarriak. Euskara batua izugarri aberasten dutenak.
Pello Salaburuk Larremotzetik liburuaz errandako zenbait pasarte azpimarratu ditugu, halaber:
P. S.: Liburu bakoitzaren azpian istorio aunitz daude, baina liburuak historiak kontatzen dituzte aldi berean, benetako gertaerak eta istorioak nahasten dituzte. Batzuk kontakizun linealak dira eta bertze batzuk ez. Estiloak du funtsa, eta halaber, autoreak sentitzen duena idazteak, baita irakurtzen duenak hori jasotzea. Sentimenduak helaraztea berebizikoa da idaztean.
Gizonek negar egitea ia debekatua izan da, baita hemen ere, Baztanen. Gizonek negar egiten dute edota negar egiteko gogoa dute, eta gelara doaz negar egitea. Hasierren liburuan sentimendu horiexek kausitu ditut.
Hasier bere historia kontatzera heldu da. Sentitu dituen gauza aunitz ederki adieraziak dira, bere sentimenduak isuri ditu orrialdeetan, literaturaren bidezko sentimenduak aizkorakadak dira. Sentimenduak burrustan agertzen dira batzuetan, eta pitinka-pitinka bestetan, bertze batzuetan ezustean, lerro artean. Metaforaz betetako liburua da. Batek ez daki noiz den poesia, noiz prosa. Ez dakizu ongi noiz hasten diren historiak eta noiz akitzen diren istorioak. Baztango inguruko kontakizunak, batzuetan bata bertzearekin lotuak dira eta bestetan flashak, piztu eta itzali egiten dira. Hor ageri dira nik bizi izan nuen Baztan haren zatiak: neoizko argiak, behe-lainoa, hileta elizkizunak, prozesioak, karrikak, bisaien absentzia, ilunabarrak, familiako norbait Bidasoako bazterretan hilda.
Bi baztandar gara, bi belaunaldietakoak, aski diferenteak, bakoitzak bere kontuak ekarri ditu. Haatik, “40 urte pasa ondoren ez nuen uste Baztanek berdin segitzen zuenik”, erran nion Hasierri liburua irakurri ondoren. Gauzak aldatuagoak izango zirela pentsatzen nuen. Haatik, egia da ere, gauzak aldatu direla, esaterako, liburua duela 40 urte ez zen hemen argitaratuko. Munduaren aldatzearen erakusgarria ere bada Larremotzetik, indar handiko liburua.
Hasierrek isilpean bereganatu behar izan zituen bere erreferentzia kulturalak. Iruñera joanez, isilean, liburuak eta diskoak erosten hasi zen. Iruñera joan zen –ulertu aldera– “baztandar batek ezin baitu kultura kontuetan ibili, belarra moztu behar du, landara joan behar du tomateak landatzera”. Baztandar hau baina bertze mundu batzuen bila atera zen, hautsi behar izan zuen bere inguruarekin. Xarmanki kontatzen du zergatik ikusten zuen maizago erreka goibela zeru argia baino.
Bertze nonbait bizitzea hautatu zuen, eta orain itzuli da Baztanera, zerbait kitatu behar zuelako nonbait. Liburu diferentea da, hainbat pasarte eta mundu daude berean. Aberastasuna eta goxotasuna agerikoak dira. Horiek historiarako berreskuratu ditu Hasierrek, barnean dituenak partekatu nahi izan ditu jendearekin, larre motzetik etorri da horregatik.
Galderak:
Hasierrek Pellori: Zein arrazoik bultzatu zintuen liburu idaztera?
P. S. : Liburu anitz idatzi dut, baina bat bakarra ez literaturaren bidez. Ezinezko zerbait iruditzen zitzaidan, errespetu handia diet literatura idazten dutenei. Arantza banuen sartua, baina ez nekien nola atera. Perura egindako bidaiak surrealismoaren muga guztiak hautsi zituen. Bortz egunez hamar gauza egitera joan eta horietatik deusik ez zen –edo genuen– gauzatu. Hango jendearen izateko moduak eraginda edo, aste horretan konbentzitu nintzen zerbait idazteaz.
Perurako bidaia aukera izan zen imajinazioa bidaian jartzeko. Egonaldiak eskribitzeko denbora eman zidan, imajinazioan aitzina eta gibelera joateko. Bidaia geografikoa baino arimaren bidaia da liburua. Perun, ene buruan –uste ez– nuen erregistro bat ukitzeko manera kausitu nuen. Nire barnean sartu nintzen eta ezin izan nuen bertatik atera.
Pellok Hasierri: Eta zu?
H. L.: Haran honetan sortuak eta kontatzeko beharra batzen gaitu. Zuk erran bezala, Larremotzetik nire itzulera prozesuarekin lotzen da, iraganarekin eta haranarekin baretzeko eta baketzeko modu bat da. Duela zortzi urte utzi nuen harana eta Madrilera joan nintzen bizitzera. Han ez dut hemengo basoa, hiria handia da, baina kulturarekiko hurbiltasuna duzu, beste lekuetan ere aurki dezakezu, baina hiri handiak erraztasuna handia ematen dizu kultur ekimenak bizitzeko.
Liburua ere omenaldia da iragan hurbilari, jende xumeari, bizimolde batzuei. Faltan dituzun horiek nostalgiaz daramatzazu, parajea eta familia kideak, eta jendeak. Liburua solasaldi bat da distantzia tarteko, edo distantziaren bitartez. Tartean istorio edota gertaera lazgarriak daude. Horiek kuestionatu eta gogoetatu ditut. Zer dela eta jende horiek jokatu zuten horrela. Korapilo horiek nola bizi izan ditudan, toki batean sortzeak zer-nolako zama sortzen dizun zure baitan…
Funtsean, parajearen isla zara edo gara, haranaren isla. Liburua ere biluzte ariketa izan da amaren aurrean. Editorearekin erronka ere badago, oreka bat lortu aldera. Testuei herra kendu beharra, indar handiko testu zenbait ziren, eta hobe izan da herra hori kentzea Larremotzetik-an
Lagunen arteko entzule batzuen galderak:
Zure burua deitoratu zenuen naturaren erdian. Ez duzu zerbait “galdu” izanaren sentsazioa?
H. L.: Aitak erakatsi zizkidan gauza askori ez nion eskaini behar bezalako arreta: enborra nola moztu, harria nola bizkarreratu… Testu hori kirol esparrutik, basotik eta naturaren ingurutik heldu da. Basoko lana lanbidea baitu aitak. Autokritika egin nahi izan dut. Belaunaldi arteko transmisioa agertu nahi izan dut, hainbat esapide, usadio, esentzia jaso nahi izan dut. Baditut bai ikastekoak, zuhaitzen inguruan ikasi gabekoak. Eginen dut berriz ere itzulia aitarekin.
Cuscotarrez ari zarenean, euskaldunoz ari ote?
P. S.: Bai. Ez dut ironiaren puntua galdu nahi izan, Baztanen erabili izan duguna. Klabe horretan idatzi nahi izan dut. Perun, zenbait gauzetan –ketxuarrekin batez ere, aimarekin ez hainbeste–, hemen duela 50 urte ginen puntuan daude. Gure hizkuntzari buruzko gauza anitz jarri ditut haien ahotan, behin baino gehiagotan erabili dut kitxuaren inguruan euskararen inguruan geratzen dena. Hainbat kontu salatu nahi izan dut.
Sarritan diogu euskara dela munduko hizkuntza politena, aberatsena, jainkoren hizkuntza, paradisuan erabili omen zena. Horixe bera ere badago han, edo antzekoa. Nik egin beharreko masterra horren inguruan zen. Hori euskara batuarekin lotzen dugu. Hau da, hemengoen ahoan erranik gordinak lirateke, baina ketxuarren ahoan bestera erranik agertzen da. Klabe aunitz daude. Irakurleak batzuk harrapatzen ditu, bertze batzuk ez Horregatik, irakurle bakoitzak ezberdin ulertzen ditu istorioak eta historiako gertaerak, baita Baztan harana bera ere.
Liburuak zuen bizitza aldarazi al dizue?
H. L.: Bai. Madriletik etorri eta familiarekin eta lagunekin bizitakoak bizitza aldarazi dit. Garoa liburu-dendan [liburuaren aurkezpenean] burutu genuen ekimena izugarria izan zen. Aitari enborra moteko gonbidatzeko modua. Aizkoraren soinua bertan entzutea esperientzia berria izan zen. Publikoa hurbilarazi dugu, kirola eta literatura batu. Aizkolari izateko bide horretan nire bidea nola bukatu zen azaltzea polita izan zen. Familia eta beste batzuen onarpena eta esker oneko hitzak jasotzea, homosexualitatea landa eremuan nola bizi izan nuen kontatzea.
P. S.: Bai. Honelako liburua idazteak barnea mugitzen dizu. Barnetik atera behar baduzu zerbait, liburua bide egokia da horretarako. Liburu honekin hori sentitu dut lehen aldikoz. Ez dakit bizitzeko modua aldatzen dizun, edo zuk aldatzen duzun zure bizimodua –edo jarrera batzuk– liburua idazteko. Ez dakit non hasten da bat eta non bestea, baina horrek aldarazten dizkigu gauzak ikusteko modua eta familiarekin harremanak ere, senideen artekoak. Pentsa ezazue nola eta zein neurrian aldatzen den, galdera nire andreak egin baitu.
Post Scpritum: Irriak eta algarekin finitu zen solasaldia. Jendearen arteko solasek ahamen eta tragoxka artean segitu zuten aitzinatzean.
6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin dute egon Debako liburutegian. Udal gobernuak argudiatu du "liburutegian erabilgarri dagoen espazioa mugatua" dela, baina ez du argitu espazio mugatu horregatik ezartzen dituzten ordu murrizketak zergatik aplikatzen... [+]
Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]
Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.
DBH4 errepikatu zuen urtea gogoratzen du Jonek Pleibak (Susa, 2024) eleberrian. Adinkideak Durangoko institutura aldatu ziren, eta Polly auzokidearen ikasgelan geratu zen bera. Haurtzaroa Joneren baserria eta Pollyren txaleta lotzen zituen errepidean gora eta behera emana zuten... [+]
Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]
Hamaikagarrenez antolatu dute euskal nobela beltzaren astea, urtarrilaren 20tik 26ra. Ekitaldi ugari egingo dira Baztango bailarako hainbat herritan. Liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira, eta ekintzetan parte hartzea doakoa izango da.
Euskal kulturako berritasunak ezagutu nahi dituenak eta egile zein argitaletxeei zuzenean erosi nahi dizkienak urtean zehar baditu hainbat azoka eta ekimen aukeran. Urte askotako tradizioa dute horietako batzuek eta berriagoak dira besteak; tematikoak dira horietako asko eta... [+]
Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen... [+]
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]
Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]
Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]
Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]
Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]