argia.eus
INPRIMATU
Pello Lizarralderen ‘Argiantza’, edo nola utzi zion zinemak paradisu izateari
  • Pello Lizarraldek Argiantza nobela aurkeztu du asteazken honetan. Erein argitaletxearekin kaleratu duen nobela berriko protagonista Ramon Beitia da, 80ko hamarkadaren hasieran hainbat zine areto kudeatzen zituen gerentea. Urte haietan zinemak jasan zituen aldaketen eskutik, gainbehera datorren mundu baten lekukotza eskaintzen du liburuak.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2020ko ekainaren 10
Pello Lizarralde idazlea (argazkia: Erein).

Donostian aurkeztu du Argiantza Lizarraldek, baina COVID-19aren pandemiari aurre egiteko segurtasun neurriak direla-eta, streaming bidez jarraitu behar izan ditu prentsak liburu berriaz eman dituen azalpenak, azken asteetan aurkezten ari diren liburu gehienekin gertatzen ari den bezala.

Berezitasun hori izan du agerraldiak eta beste berezitasun bat ere badu liburuak: 1982ko irailean kokatua dago, alegia, urte zehatz batean eta ongi zedarritutako testuinguru batean. Ez da oso ohikoa hori Lizarralderen literaturan, datei eta datuei baino, eszenei, giroei eta esan gabekoei emanagoa den idazkera baita Zumarragan jaiotako idazle iruindarrarena.

1982an hainbat zine areto kudeatzen dituen Ramon Beitia da nobelako protagonista: pantaila handia galera ekonomikoak edukitzen hasia da ordurako eta Beitiak ikuskatze lanei ekingo die. Ondoren, egoeraren gordina esplikatu beharko dio aitaren eskutik jasotako negozioaren jabe egin den nagusi gazteari. Egun gutxitan gertatzen den istorioa harilkatu du Lizarraldek 88 orrialdeko nobela honetan, zeinean herrietako aretoak eta bertan lan egiten zuten pertsonak agertzen diren, idazlearengan hain bereizgarria den estiloarekin marraztuta.

Bideoak hautsi zuen pantaila handia

Lizarraldek esplikatu duenez, beti miretsi izan ditu zerbait gertatu eta berehala gertakariaren zergatiak esplikatzeko gai izan diren pertsonak, baita beren bizitzaren denbora asko iragana ikertzen pasa dutenak ere. “Beti falta izan zait tankera horretako analisiak egiteko gaitasuna”, azaldu du idazleak.

1982an bazekien non bizi zen, zer zeukan inguruan. “Baina nondik gentozen jakin arren, ni ez nintzen inoiz gai izan nora gindoazen jakiteko”. Oroitzapen baten bidez esplikatu du nola ez zituen aurreikusi, adibidez, asmakizun berriek zineman eragingo zituzten ondorioak: “1980ko neguan zinema aldizkari frantsesak erosten zituen lagun batek bideoaz hitz egin zidan. Elkarri begiratu genion irribarrez, sinetsi ezinda”.

Zinema da liburu hau zeharkatzen duen eszenografia; nobela osoa laburbil dezakeen aditza berriz, “galdu”, bi eratara jokatua, egilearen arabera: batetik, sei eguneko bidaia egin behar duen pertsonaiaren noraeza dago; bestetik, gainbehera datorren mundu bat eta horren eskutik galtzen ari den guztia. “Latza da inguratzen zaituen munduaren agonia ikustea eta datorren horretan zure arrastoa geratuko ote den ez jakitea”, esplikatu du Lizarraldek.

Nostalgiarik gabe

“Oraina jasanezina egiten zaionari, oroitzapenak etorri egiten zaizkio”, gaineratu du, betiere argi utziz ez duela “nostalgiaren hilerria” bisitatu nahi izan liburu honekin:  “Alferrikakoa litzateke urrun haietan gertaturikoak edertzen hastea. Ez gatoz paradisutik, ez dugu harro egoteko moduko herentziarik utziko”. Bere belaunaldiko asko liluratu zituen espejismoak aipatu ditu, bizi izan zuten sukarra eta bitartean batzuek erregimen berrian bilatu zuten lekua.

“Noiz hasi ziren gauzak aldatzen? Bideoaren etorrera seinale bat da”, esplikatu du. Haustura bat ekarri zuen, gero etorri ziren beste batzuk eta gaurko “amildegi hau”, idazlearen esanetan. “Asko galdu zen orduan eta orain galdutakoarekin bizitzen ikasi dugu”.

2016an argitaratu zuen aurreko nobela Pello Lizarraldek (Elur bustia, Erein) eta horren harira ARGIAk egin zion elkarrizketan adierazi zuen ez dela asko fidatzen liburu oso desberdinak idazten dituzten idazleekin. Ibilbide luzeko idazle baten hitzak dira: 1978an publikatu zuen lehenbiziko erreferentzia, Hilargiaren hotzikarak (Ustela saila) poema liburua. 2002an argitaratutako Larrepetit (Erein) nobelari esker Euskadi Saria irabazi zuen.

Literatur kritikariek sarritan nabarmendu dituzte bere idazkerak irakurlearengan eragiten dituen sentsazioak. Horien artean, ikusmenarekin loturikoak azpimarratu zituen Javier Rojok Larrepetit-i buruz idatzitako artikuluan. Honako esaldiarekin amaitu zen kritika hura: “Lizarralderena literatura zinematografikoa ere badela esan daiteke”. Argiantza-ko pertsonaien giroa aspalditik suma zitekeen, beraz, idazlearen estiloan.