argia.eus
INPRIMATU
Pello Lizarraldek irabazi du euskarazko narratibaren Euskadi Saria, ‘Argiantza’ nobelagatik
  • Euskarazko haur eta gazte literatura saria Anjel Lertxundik eraman du, Haltzaren muinoa-rengatik. Euskarazko itzulpenarena, Joxan Elosegik irabazi du, Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak liburuari esker.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 14a
Pello Lizarralde idazlea (Argazkia: @111Akademia)

Argiantza nobelarentzat jaso du Euskadi Saria Pello Lizarralde idazleak. Erein argitaletxean publikaturiko nobela da eta argitaletxearen aurkezpenean irakurri daiteke ondokoa: "Formalki pieza perfektua da, bere simetria soilduan; mundu bati, izate eta bizitzeko aldarte bati ematen zaio adioa. Atzean gelditzen den mundu horren arnasa eta denboraren sosegua sentiaraziko digu egileak maisuki". 1980. hamarkadan kokatzen da Argiantza, zinemagintzaren testuinguruan eta jende arrunten bizipen arruntetan.

1978an atera zuen bere lehen obra, Hilargiaren hotzikarak poema liburua, eta geroztik hainbat nobela eta itzulpen lan ere publikatu ditu idazle zumarragarrak. Bestalde, hainbat komunikabidetan argitaratu ditu lanak –Oh Euzkadi!Zeruko ARGIA eta Pamiela aldizkarietan, besteak beste–. 2017an elkarrizketatu zuen ARGIAk Lizarralde,

Euskadi saria - Euskarazko literatura Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 1997tik urtero antolatzen dituen Euskadi Literatura Sarien zazpi kategoriatariko bat da, aitzineko urtean euskaraz idatzitako lan literario hoberena sariztatzen duena.

Anjel Lertxundi eta Joxan Elosegi ere dira sarituak

Euskarazko haur eta gazte literatura saria Anjel Lertxundik eraman du, Haltzaren muinoa-rengatik. "Haltzak badu bihotzik" idatzi zuen ARGIAn Xabier Etxaniz Erlek, honela hasiz liburuaren aurkezpena: "Haltz bat dugu obra honetako protagonista. Arbola bat; mundua ezagutu nahi duen arbola. Eta, denok dakigun bezala, arbola ezin da dagoen lekutik mugitu, ezin da itsasoraino joan, ezin ditu bidaiak egin… ala bai?". Hainbat sari irabazitako idazle ezaguna da Lertxundi, saiakerak, nobelak, itzulpenak zein eleberriak, hamaika obra plazaraturikoa. Haltzaren muinoa Elkar argitaletxeak plazaraturikoa da.

Euskarazko itzulpenarena, Joxan Elosegik irabazi du, Alberdaniak argitaratu Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak liburuari esker. Irene Sola Saezen idazlearen eleberria katalanetik itzultzeko eginiko lanarentzat saria eman diote Elosegiri. 2020ko Europar Batasuneko Literatura Saria jaso zuen jatorrizko bertsioak.