argia.eus
INPRIMATU
Pelikulak
  • Martxoaren 25ean, azken larunbatean, Baionan euskal presoen muturreko egoera larria salatzeko manifa bat izan zen, eta lehentxeago beste bat.

Anuntxi Arana 2017ko martxoaren 27a

Elizbarrutiko web-orriak iragarri zuen “SOS txiki-txikiak” elkarteak arrosario nazional bat antolatuko zuela Gotorleku plazan, “biziaren alde”, hau da, abortuaren kontra. Hortaz elkarte feministek kontra-manifestatzera deitua zuten. Integristek prozesio pintoreskoak eskaini dituzte jadanik: gurutzea, pordoiak eta puntillazko erroketeak; edo estanpa banaketa, musika eta dantzekin. Baina aldi honetan alegrantziarik ez.

Gotorlekua, Aturri eta Errobi ibaiak biltzen diren unea, harri koskorrez ihaurria da. Hantxe, azpian harriak eta gainean euria, bi pertsona belaunikatu ziren, bata bestearen atzean, Lavigerie kardinalaren estatuari bizkar emanez eta kalera begira. Aurrean eta agerian zegoena emaztea; bigarrena, gordexeago, gizona. Ama Birjinaren irudi bana zeukaten eskuan, karton txar batean itsatsia makil baten puntan –nini batena ere, nola ez. Ez zuten berekin lagun asko, hamar ez gehiago. Saihetsean, zazpi metrora edo, ehun bat manifestari. Eta bi multzoen arten polizia lerro bat.

Denak ere txipak bezala bustiak parasolen azpian, bereziki tristea zen otoizgileen piura. Emazte belaunikatuak, Santa Teresita irudi eta irriño beato bat ahoan, aurpegia ematen zien han pasatzen ziren guztien begiradei, eta pena handia ematen zuen. Noizean behin talde hartatik ateratzen zen baten bat, eta bazen emazte harroxko bat, takoi handiko botak oinetan eta dotore jantzita, polizien  gainetik manifestariei begira paratu zena desafiatzeko jarreran, feministen adiskide bakoitza fitxatu nahi izan balu bezala. Hura ez zatekeen belaunikatzekoa, eta haren aldean penagarriago zen penitentea.

Pelikula laster hasi zen: norbait arranguratu zen ea nork bultzatu zuen gaixoa publikoki penitentzia egitera. Bekatu propioak ordainarazten zizkioten edo hurkoarenak, betiere sinestaraziko ziotela manifestari gaiztoei aurre eginez erredimituko zituela. Pelikula aitzinatu arau, zenbaitek galdetzen zuten ez ote zen haien aitzinean errito sado-masokista bat gauzatzen ari; non ez zen dena satanen eldarnioa baizik.

Orduan, bestelako pelikula bati ekin zion marmarka aldameneko lagunak: zergatik demonio hautatu zuten Lavigeriren  hurbiltasuna eskuin muturreko horiek, ongi ezagutua denean kardinalak esklabismoari egin zion borroka. Orain etena izan ez dena, Brasilgo erakunde katoliko bat atera baita bertako laborarien eskubideen eta laborantza-erreformaren defentsan, salatuz 2016 urte bakarrean egin diren 61 militante ekologisten erailketak, inpunitate osoz burutuak.