argia.eus
INPRIMATU
“Pelikula euskaraz bakarrik proiektatuko dugu, barkatu eragozpenak”
  • Zeresana eman du sare sozialetan Usurbilgo Urbil merkatalgunean dagoen zineak jarritako kartelak. Gaztelania hutsean, zera irakur daiteke: “Richard zikoina pelikula euskaraz bakarrik proiektatuko dugu, barkatu eragozpenak”.

ARGIA @argia 2017ko maiatzaren 15a
Usurbilgo Urbil merkatalgunean joan den asteburuan ikus zitekeen kartela (argazkia: Unai Larreategi).

Unai Larreategik zabaldu du argazkia Facebook bidez eta gogora ekarri du gainontzeko pelikula guztiak gaztelania hutsean emateak ez duela, antza, eragozpenik sortzen aretoko arduradunentzat.

Usurbilgo biztanleen %70 inguru dira euskal hiztunak eta herria Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da. Merkatalguneko bezero izan daitezkeen inguruko herrietan ere euskaldunen portzentajea altua da (Lasarte-Orian %40, Hernanin %57, Andoainen %52, Urnietan %58…).

Joan den ostiralean estreinatu zen Richard zikoina filma euskaraz Zineuskadik bultzatutako Zinema Euskaraz programaren bitartez. Ekoizpen alemaniarra da, Toby Genkel eta Reza Memari zuzendariek egindako animaziozko lana.