Jean René Etxegaraik Peio Etxeleku baztertu du Errobi lurraldeko arduretatik. Etxeleku Kanboko hautetsia eta EAJren Ipar Buru Batzarreko lehendakaria da. Joan den astean Hirigune Elkargoko buruak jakinarazi zuen poloko hamaika auzapezetatik seik galdegin ziotela Etxeleku ez dadila gehiago erreferente izan, Marieniako lurren harira Kanboko kontseiluan gertatutakoa ez baitu argiki kondenatu.
Gutun horren izenpetzaileak Kanbo, Arrangoitze, Ezpeleta, Jatxu, Luhuso eta Zuraideko auzapezak dira. Peio Etxelekuk deitoratzen du ez duela aukerarik izan bere burua defenditzeko.
Etxegaraik bere aldetik Elkargoaren funtzionamendua segurtatzeko erabakia hartu duela azpimarratzen du. Etxelekuren kargutik kentzea galdegin duten hautetsien artean, haren talde politikoko bi auzapez badira.