argia.eus
INPRIMATU
Pegida talde xenofoboa indarra hartzen ari dela eta kontra-protestak ugaritu dira Alemanian
  • Gero eta gehiago dira Alemaniako talde xenofoboa babesten dutenak. Astelehenean indar erakustaldia egin du Pegidak Dresden eta 18.000 lagun bildu dira bertan.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2015eko urtarrilaren 08a
Pegida, talde xenofoboaren aurkako protesta. (Argazkia: www.lamarea.com)

Islamizazioaren Aurkako Abertzale Europarrak (Pegida) talde arrazistak gorakada nabarmena izan du azken hilabeteetan. Horren aurrean, kontra-protesta ugari antolatu dituzte.

Dresden 18.000 lagun batu ditu Pegidaren aldeko martxak, kontra-protestan aldiz 3.000 lagun inguru bildu dira, La Marea agerkariaren arabera.

Besteak beste, Berlin, Stuttgart eta Colonian ere irten dira kalera Alemaniako eskuin mutur berriaren aurka protestatzeko.

Argiak itzali, aurka egiteko

Talde antiislamistaren aurkako kanpaina bat abiarazi dute Sozialdemokratek “itzali argiak Pegidari” deiturikoa. Coloniako Katedraleko eta Brandeburgoko ateko argiak itzali dituzte talde arrazistaren martxa aurretik igarotzean.

Gobernuko zenbait kide ere hasi dira oposizioa egiten. Angela Merkel kantzilerrak aipamena egin dio Pegidari urte amaierako mezuan eta “aurreiritziak eta bihotzean gorrotoa” izatea egotzi dio, BBCk argitaratu duenez.

Pegidak ezkerreko zein eskuineko sinbologiak baztertzen ditu, eta estrategia hori baliagarri izan zaio islamofobo edo xenofoboez gain krisiak kolpatutako jendearengana iristeko.

Alemania da Europar Batasunetik errefuxiatu gehien jasotzen dituen herria, gehienbat Siriako gerra zibilagatik ihesi. Arrazoi hori baliatzen dute sinesmen musulmanak dituzten atzerritar ororen aurka egiteko.