argia.eus
INPRIMATU
Pedrógão Grandeko suteaz
  • Gipuzkoan lan egiten duten basozainen kolektiboek elkarte bat osatu dute berriki eta egunotan albiste den Portugalgo sutearen harira beren ikuspuntua plazaratu nahi izan dute.

Gipuzkoako Basozainen Elkartea @Basozainak_Gipu 2017ko ekainaren 20a

Portugaleko Pedrógão Grande eskualdean baso suteen ondorioz suertatutako tragediaren aurrean, Gipuzkoako Basozainon Elkarte Profesionalak, lehenik, dolua eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu hildako lagun eta senideei, zein zauritutako pertsona guztiei, haietariko batzuk basoko suhiltzaileak. Kasu honetan hondamendi ekologikoaz gain, giza-hondamendi mingarri baten aurrean gaude. Askotan basoko suei aurre egiten diegun profesionalak izanda, bereziki hunkitzen gaituena.

Gogoan daukagu Euskal Herrian 80ko hamarkadaren bukaeran izandako baso suteen bolada ikaragarria, non nahiz eta zorionez hildakorik ez izan, askotan tragediatik oso gertu ibili ginen, eta hondamendi ekologiko eta ekonomiko handia suertatu ziren. Egoera hartan basozainon lana ezinbestekoa izan zen hondamendia handiagoa ez gertatzeko.

Portugalekoak eta tankera bereko tragediek agerian uzten dute baso politika egokien beharra eta baso suteen aurrean basozain profesionalen eta basoko suhiltzaileen lanaren balioa, eta haien beharra.

Zoritxarrez aste honetan ezagutu dugu Bizkaiko Foru Aldundiak basozain profesionalez osatutako “Base Gorria” izeneko taldea desegin nahi dutela, hainbat lan enpresa pribatuei emateko. Horrek basozainek eskaintzen zuten zerbitzu askoren kalitatearen gainbehera ekarriko du. Eskaintzen zuten arreta eta besteen artean, baso suteen kudeaketa esku pribatuen esku utziko baitu.

Gipuzkoan bertan ere, basozainon bajak ordezkatzen ari ez direnez, sekzio batzuetan langileen %60 dago lanean; lanean dagoen basozain bakoitzari dagokion lan eremua asko handitzen da, horrela. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak gure departamentuaren inguruan enpresa pribatu bati eskatutako dion txostenean, inongo argumenturik gabe, baso suteak suhiltzaileen esku uztea eskatzen da. Suhiltzaileekin dugun elkarlana oso ona izanik, beharrezkotzat jotzen dugu baso suteen zuzendaritza, orain arte bezala, gure departamentuaren eskumena izatea, gure kolektiboa baita mendia bera hoberen ezagutzen duena. Gaur egun erabiltzen ditugun erreten eta uraskekin, suhiltzaileen lana eta gurea ezinbesteko eta osagarriak direlarik.

Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionaletik lan egingo dugu Gipuzkoan basoen eta bioaniztasunaren zein gure mendietan herritarren segurtasunen alde egun eskaintzen diren kalitatezko zerbitzu publikoak mantentzen eta hobetzen joateko, Portugaleko  tragediatik eta antzekoetatik irakaspenak ateratzen gure artean halakorik inoiz gerta ez dadin.