argia.eus
INPRIMATU
Pedro Sánchezen gutuna Marokoko erregeari: “Nire bermea duzu Espainiak lagun eta aliatu handi bati dagokion erabateko gardentasunez jokatuko duela”
  • Espainiako presidenteak gutuna igorri zion Mohamed VI. erregeari martxoaren 18an, Marokok Espainiaren jarrera aldaketa historikoa ezagutzera eman baino lau egun lehenago.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2022ko martxoaren 23a

El País egunkariak argitaratu du gutuna. Sarreran, Sánchezek azaltzen dio gutunarekin “zenbait ideia garrantzitsu” helarazi nahi dizkiola, “Espainiako eta Marokoko erreinuen arteko harreman berrietarako”.

“Harreman berri bat”

“Gure helburua harreman berri bat eraikitzea izan behar da”, dio Sánchezek gutunean. “Gardentasunean eta etengabeko komunikazioan, elkarrekiko errespetuan eta bi aldeek sinatutako akordioekiko errespetuan, eta aldebakarreko ekintza ororen abstentzioan oinarrituta, partekatzen dugun guztiaren garrantziaren mailan egoteko eta etorkizunean gure bi herrialdeen arteko krisiak saihesteko”

Marokoren ahalegin “serio eta sinesgarriak”

Sánchezek “Mendebaldeko Sahararen auziak Marokorentzat duen garrantzia” aitortu ez ezik, “Nazio Batuen Erakundearen markoan elkarrekiko onargarria den konponbidea aurkitzeko egiten dituen ahalegin serio eta sinesgarriak” azpimarratzen ditu. Hor kokatzen du Marokok 2007an Sahararentzako egindako autonomia-proposamena. Gogoratu beharra dago sahararrek ez dutela Marokoren proposamena onartzen, eta NBEk autodeterminazio erreferenduma eskatzen duela “deskolonizatu gabe” dagoen lurraldearen gatazkari irtenbidea emateko. Sánchezen irudiko, ordea, “desadostasun” hori ebazteko proposamen “serioena, sinesgarriena eta errealistena” da Marokorena.

“Konpromisoak eta hitza”

PSOEk Espainiako estatu-jarrera historiko bat aldatzea erabaki du aldebakartasunez, Mendebaldeko Saharako ordezkariekin, oposizioko inongo alderdirekin edo gobernukide duen Podemosekin ezer partekatu gabe. Baina Sánchezek Marokoko erregeari ziurtatu dio gutunean “Espainiak” hartutako “konpromisoak eta hitza” beteko dituela: “Testuinguru berri honetan, nire bermea duzu Espainiak lagun eta aliatu handi bati dagokion erabateko gardentasunez jokatuko duela. Ziurtatzen dizuet Espainiak beti beteko dituela bere konpromisoak eta hitza”.

Migrazioaren kudeaketa

Sánchezek bilera bat eskatu dio Mohamed VI.ari “lehenbailehen”, erronka komunei “elkarrekin aurre egiteko”. Eta zehazten du: “Bereziki Mediterraneoan eta Atlantikoan migrazio-fluxuak kudeatzeko lankidetza”.

Hemen El País-ek argitaratutako gutuna: