argia.eus
INPRIMATU
Pegasus eskandalua
Espainiako Gobernuak dio beraiek ere zelatatu dituztela; independentistek “ke gortina” salatu dute
  • Goizeko 9:30erako prentsaurrekoa deitu du Espainiako Gobernuak. Pedro Sanchez presidentearen eta Margarita Robles Defentsa ministroaren telefono mugikorrak ere Pegasus softwarearen bidez zelatatuak izan direla jakinarazi dute. Kataluniako erreferendumagatik preso zeuzkatenen indultuak prestatzen aritu ziren garaian izan zen. Berehala egin dute salto beren mugikorrak ere zelatatuak izan diren lider independentistek: arreta desbideratzen saiatzeko ke gortina salatu dute.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko maiatzaren 02a
Margarita Robles eta Pedro Sanchez, artxiboko argazki batean.

Moncloak aipatu du Espainiatik kanpoko espioitza kasu gisa ikusten dutela eta salaketa bat jarri duela Audientzia Nazionalean, ziurtzat jotzen baitu legez kontrako jarduerak direla. Hiru eraso aipatu ditu: bi Sanchez presidenteari (2,6 giga eta 130 megako lapurretekin) eta hirugarrena Defentsa ministroari (bederatzi mega informazio). "Ziur gaude kanpoko erasoa dela. Gurea bezalako demokrazia batean erakunde ofizialek baino ez dute esku hartzeko ahalmena, betiere epailearen baimenarekin. Ez dugu zalantzarik kanpoko esku-hartzea dela", esan du presidentzia ministro Felix Bolañosek. Gaineratu duenez, mugikor gehiago ere aztertzen ari dira, ea kutsatu dituzten.

Azaldu dutenez, Pedro Sanchez 2021eko maiatzean zelatatu zuten aurrenekoz, dagoeneko presidente karguan zela, eta urte bereko ekainean Robles.

Zer diote kataluniar eta euskaldun zelatatuek?

Berehala erreakzionatu dute azken asteetan albistearen epizentroan izan diren politikari kataluniar eta euskaldunek.

Carles Puigdemonten hitzak, esan ostean albiste hau ere oso larria dela: "Nire elkartasuna beraiekin, biktima gisa, eta nire eskakizun gorena haienganako, CatalanGate lehertu arte ezer egin ez izanaren arduradun gisa".

Junts-eko Laura Borràs: "Sanchez eta Roblesek diote espiatu dituztela. Orain gai larria da, ez independentismoari soilik eragiten zionean bezala, ministroak justifikatu ere egiten zuen. Horratx froga ez dagoela zertan estolderia garbitu, erabil baditzakezu? Edo borrero izatetik biktima izatera igarotzeko operazioa da? Agur CatalanGate? Ez dugu irensten".

ERCko Oriol Junqueras: "Agerikoa da Espainiako estatuak espioitza masiboa eta legez kanpokoa egin duela mugimendu independentistaren aurka. Horregatik, eta balizko koartadetatik urrun, erantzukizun politikoak eskatzen ditugu".

ERCko Marta Rovira: "Moncloak dio Moncloak duen Pegasusekin Moncloa zelatatu duela Moncloak. Orain, erantzukizun politikoak EZ ditu Moncloak hartuko".

CUPeko Albert Botran: "Kezko gortina borreroak biktima bihurtzeko? Arreta atzerrira bideratzea? Edo CNI bera Espainiako batasunaren alde zelatatzen?".

EH Bilduko Jon Iñarrituk: "Duela hilabeteetatik bazekiten eta orain esan badute, ados egongo gara ke gortina dela, ezta?".

Gonzalo Boye abokatua: "CatalanGate kasua agerian jartzen ari da gertatutakoaren larritasuna eta Espainiako estatu sakona delakoaren boterea. Dirudienez, Gobernuak ez du botere horren gaineko kontrolik".

Omniumen eta CUPen kereilak

Asteburuan jakin da Omnium elkarteak kereila aurkeztu duela CatalanGate espioitza kasuagatik, eta Europako Ikerketa Agindu bat eskatuko duela Pegasusekin espioitza nork agindu zuen eta zenbat kostatu zen ikertzeko. CUP alderdiak ere beste kereila bat aurkeztu du.