argia.eus
INPRIMATU
Pedro Sanchezek zirrikitu bat ireki dio Chiviteren lehendakaritzari
  • Ferrazek bidalitako mezuekin aste osoan zehar argi geratu da PSOEk ez zuela begi onez ikusten PSN Nafarroako Gobernuko lehendakaritza lortzeko saiakeran aritzea. Filtrazioez gain, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko lehendakariordea eta Jose Luis Abalos ministroak PSNren bidearen aurkako adierazpen argiak egin zituzten.

Xabier Letona Biteri @xletona 2019ko ekainaren 07a

Lehenak esan zuen itun autonomikoak militantziak berretsi behar zituela, baina azken hitza zuzendaritza federalak duela, hau da, Ferrazek. Bigarrenaren aburuz, Javier Esparzak egindako eskaintza –NSren abstentzia Sanchezen inbestiduran Nafarroako Gobernuko lehendakaritzaren truke– oso zentzuzkoa zen eta kontuan hartzekoa. Ur hotza kolkotik behera, horixe ziren agintari sozialisten hitzak PSNrentzat.

 

Ostegun arratsaldean, ordea, gauzak apur bat aldatu ziren, edo askotxo, batek daki. Espainiako erregearekin bildu ondoren, Nafarroaz galdetu eta Pedro Sanchezek esan zuen PSOE eta PSN posizio berean zirela, hots, “Bildurekin ez dago inolako akordiorik”. Eta Navarra Suma eta Esparzarekiko zera: “Egiten ari garen errondan dagokionean bilduko gara berarekin eta orduan argituko digu zer posizio duen nire inbestidurarekiko”. Argi zegoen, baina argiago geratzen da orain, Sanchezen inbestidura korapiloa askatu arte ez da Chiviterena argituko.

 

Eta Nafarroako itunen azken erabakia non da? Tinko mintzo zen Sanchez: “Militanteengan, hala dago arautua alderdiko estatutuetan, beraz, hor ez dago inolako eztabaidarik”. Baina kazetariek jarraitzen zuten EH Bilduren balizko abstentzioarekin, hori ere Madrilen esku balego bezala: “Guk ez dugu itunik egingo Bildurekin”.

 

Denak jarraitzen du airean, eta Sanchezek ez zuen esan ez bai ez ez, baina PSNk oxigeno pixka bat ahoratu du foru gobernuko lehendakaritza lortzeko elkarrizketetan.