Amnistia legea eta "bizikidetza" politikak defendatu ditu Pedro Sánchezek Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko saioan, Espainiako Kongresuan. Amnistia "Espainiaren interesen izenean" emango dela azaldu du: aurreko legegintzaldiko "bizikidetza eta aurrerabide" politikei jarraipena emateko, eta Katalunian "2017an irekitako haustura" sendatzeko.
Ordu eta ia hiru laurdenez aritu da hizketan PSOEko hautagaia, baina azken ordu erdira arte ez dio heldu lurraldetasunaren eta amnistiaren auziari. Onartu du estatuko zenbait lurraldetan "herritar askok" independentzia nahi dutela, "zilegi" jo duena, baina azaldu du PSOEk "Espainia batu batean hobeto" egongo direla sinesten duela.
PP eta PSOEren arteko aldea
Lurraldetasunaren auziari heltzeko, PPk eta PSOEk lituzketen moduak kontrajarri ditu Sánchezek, eskuinak "haustura" eta PSOEk "batasuna" lehenesten dituztela ziurtatzeko. Kataluniako prozesu independentista gogoan, PPrekin Espainiak "historiako lurraldetasun krisirik handiena" bizi izan zuela adierazi du, hainbat lurraldetan "konstituzioaren haustura" gertatu zela, eta, aldiz, PSOE-Podemos gobernu koalizioarekin konstituzioa "lurralde guztietan bete" dela. Kataluniako kaleetara "bizikidetza" eta instituzioetara "elkarrizketa" itzuli direla ziurtatu du, hori "oso zaila" izanik ere. "Zer dute nahiago herritarrek, 2017ko Katalunia edo 2023koa?" galdetu du, egun nagusi den "bake soziala" goraipatuz.
Espainiaren interesak
"Espainiaren eta bere interesen izenean emango dugu amnistia, eta espainiarren arteko adiskidetasunarenean", azaldu du Sánchezek. Amnistia Kataluniako herritarren gehiengoak "eskatzen" duen neurria dela ziurtatu du, onartuz, aldi berean, Espainian "herritar asko" daudela kontra. Herritar horiei "errespetua" adierazi die, ondokoa zehaztuz: "Baldintzak direnak dira, eta beharrezkotasuna bertute bihurtzea da tokatzen dena".
Amnistia emateko bi arrazoi nagusi eman ditu Sánchezek jarraian. Bata, aurreko legegintzaldiko PSOE-Podemos gobernu koalizioaren "bizikidetzaren eta aurrerabidearen ildoa" jorratzen jarraitzeko beharra. Salatu du eskuinaren "eta bera babesten duten botere ekonomikoen" ardura ez dela amnistia, baizik eta eredu soziala: "Horregatik ez dute gobernatzen utzi nahi". Bigarren arrazoia litzateke amnistiak "2017an irekitako haustura osatzen lagundu" dezakeela. Independentistei "Espainia beraientzat ere herrialde ona" dela adierazteko modu bat litzateke.
Legezkoa eta gardena
"Proposatu dugun amnistia guztiz legala da, Konstituzioarekin bat egiten du", ziurtatu du presidentetzarako hautagaiak. "Gehiengoaren babesarekin onartuko da. Ez da 78ko Konstituzioaren aurkako eraso bat izango". Gogoratu du Europan Frantziak, Alemaniak edo Portugalek eman dituztela amnistiak aurretik, eta PPri gogorarazi dio "egun bakarrean 1.400 indultu" eman zituela edo "terrorismoagatik kondenatutako Terra Lliureko kideak" amnistiatu zituela, gobernatzeko abertzaleen botoen beharra izan zutenean. "Ardura minimo bat" eskatu dio PPri, eta "Voxen trumpismoa" jarraitzeari utzi diezaiola.
EH Bildu eta EAJ
Sanchezek bere mintzaldia amaituta etena egin da saioan. Etenaldian alderdiek PSOEko hautagaiak esandakoa baloratu dute. EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpuruk adierazi du "Euskal herritarren eskubide eta askatasunen alde egiteko aukera historikoa" dagoela, eta bere alderdiaren baiezko botoa berretsi du, "arduraz" jokatuko dutela azalduta. Sánchezek iragarri dituen "aurrerabide sozialak" babestuko ditu EH Bilduk, baina aldi berean aldarrikatu du "plurinazionaltasunaren legealdia" izan beharko duela honakoak.
EAJtik, Aitor Estebanek azaldu du Sánchezek iragarritako hainbat proposamenek erkidegoen eskumenei eragin diezaieketela: "Akats bat litzateke beharrezko dituen bazkideen agendarekin talka egiten duten gaiak jorratzea". Norabide berean, "etorkizuneko autogobernua" aipatu ez izana kritikatu du ere. Edonola dela, adierazi du gobernu bat osatzeko aukera duen bakarra dela Sanchez.
Bozkaketa bihar
Arratsaldean gainerako alderdiak hasiko dira hitza hartzen, PPko Alberto Nuñez Feijotik hasita. Presidente berria izendatzeko saioa bi egunez luzatuko da, eta ostegunean egingo da, ezusteko handirik ezean, Sánchez presidente izendatuko duen bozketa.