argia.eus
INPRIMATU
Pedro Mari Otaño bertsolaria, ombuaren itzalean

Joseba Barriola 2021eko ekainaren 07a

111 urte hil zela Pedro Mari Otaño bertsolaria, Argentinan, ombu baten itzalpean. 1857 jaio zen, Zizurkilen, atarian intxaurrondoa zuen Errekalde baserrian, bertsolari handienen artean handienetako bat. Bertsolari giroan jaio eta hezia izan zen. Bertsolari giroan eta familia liberalean. Hiru alditan abiatu zen Ameriketara, Argentinara. Ez zen joan aurreko mendeetan bezala kortsario, kolonizatzaile edo konkistadore gisa. Lehenengo aldiz halabeharrez joan zen, intsumiso gisa; bigarrenean, aspertuta hemengo suertez, egoerarekin errebelde; hirugarrenean, beste asko bezala emigrante gisa.

Garai apasionagarrietan tokatu zitzaion bizitzea. Erregimen Zaharraren arrastoak eta eragina uxatzen, mundu berri bat eraikitzerakoan anabasa erabatekoa: demokrazia edo erregimen zaharra; nazio askapena edo inperialismoaren hedapena; kapitalaren hazkundea edo iraultza sozialista. Eta poliki burua altxatzen arrazismoaren aurkako bulkada (Haitiko independentzia, AEBko gerra zibila...) eta feminismoaren pausu berriak (sufragistak, emakume langileak…).

Egoera nahasi honek bete betean harrapatzen du Euskal Herria. Alde batetik, mugimendu liberal askotarikoak (monarkiko kontserbadoreak, monarkiko progresistak, errepublikanoak) eta, beste aldetik, Erregimen Zaharreko indarrak, hauek ere nahaspila ikaragarrian. Liberalak eta karlistak, gure herrian. Beste aldetik, 1845 inguruan hasten da Gipuzkoan industrializazio prozesua.

"Garai apasionagarrietan tokatu zitzaion bizitzea. Erregimen Zaharraren arrastoak eta eragina uxatzen, mundu berri bat eraikitzerakoan anabasa erabatekoa"

Pedro Mari Otaño, aukera nagusi honen aurrean (Erregimen Zaharraren defentsa edota garai berriari ateak ireki) liberala zen, eta ez karlista. Liberalen artean zegoen eztabaida nagusietako batean (Erregearekin bakea egin edo Errepublika abian jarri) Pedro Mari Otaño errepublikazalea zen. Errepublikanoen artean eztabaida larri batean (zentralismoaren aldekoa eta foruen defentsaren aldekoa) Pedro Mari Otaño, gizarte berria eraikitzeko orduan, Foruen, hau da, burujabetasunaren defentsaren aldekoa zen. Zazpiak bat egitearen aldekoa zen eta zazpiak bat horretan, euskara erdigunean kokatzen zuen. Bere bertsotan txalotzen du Sabino Aranaren nazioaren defentsa eta deitoratzen du Unamunok euskararekin hartutako jarrera.

Pedro Mari Otaño Barriola, bertsolariz beteriko familia batean jaio zen. Eta aitaren eta amaren aldetik, familia osoa, liberala zen, non eta herriaren gehiengoa karlista zen lekuan, Zizurkilen. Harreman benetan txarrak josi ziren herrietan batzuen eta besteen artean. Otañok gerraren (1875) aurrean intsumisioa aukeratu zuen eta Amerikako Argentinara joan zen. Argentinatik itzulita, hemen topatu zuen foruen desagerpena, politikaren desastrea, euskararen beherakada eta saiatu zen, gogoz, hemengo mugimendu euskaltzalean: Manterola, Arzak, Artola anaiak… Une batean erabaki zuen Amerikara itzultzea. Despedida bertsoan dioenez: “Amerikara noa neure borondatez, aspertutxia nago hemengo suertez…”.

Amerikatik bueltan (1890), buru belarri sartu zen Donostian mugimendu euskaltzale, foruzalean. Bertsoak kantatu, idatzi, liburua atera…. Baina bizimodua ateratzeko larri. Eta hirugarren aldiz joan zen Amerikara, oraingo honetan etorkin gisa, bizitza duinaren bila. Oso maitatua zen. Despedida jendetsua egin zitzaion Pasaiako portuan. Txirritak kantatu zion bertso eder batez despedida.

Argentinako Pampan etorkina. Hainbat lanpostutan jatekoa eta bizitzeko ateratzeaz gain euskararen alde aritu zen pasioz. Bertso eder asko idatzi zituen han. Laurak Bat elkartean lehen euskaltegia Argentinan sortu zuen. Euskararen gramatika bat zirriborratu zuen. Laurak bat elkartean euskara katedraren burua izan zen. Zazpi probintzien nazioa eta nazioaren muina euskara defendatu zituen, eta munduko gerra eta aurrerapen faltsuen salatzailea. Bera jaiotako Errekalde baserriaren aurreko intxaurrondoaren nostalgian ombuaren itzalpean hil zen 1911an.

Ombuaren Itzala da Eguzki Art Zinemak Otañoren bizitzaz egingo duen filmaren izenburua. Auzolanez nahi da ekoiztu eta auzolanez zabaldu. Egitasmoaren aurkezpena eginez eskainiko da Ombuaren Itzala bertso festa, ekainak 23an, Niessen Aretoan. Errenterian bizi naiz eta egin zaidazu bisita.