1938an tribunal militar batek epaitu eta fusilatutako miliziano ezkertiarraren gorpuzkiak aurkitu ditu Jakako hilerrian Aranzadik. Galdakaoko eta Jakako udal eta elkarteek eta Asuaren senide batek egindako ikerlan eta elkarlanaren emaitza izan da aurkikuntza. Hainbat iturriren arabera, hilerrian beste 400 fusilaturen gorpuak leudeke.
Aranzadi zientzia elkarteko kideek ostegunean hasi zituzten Pedro Asuaren gorpuzkiak aurkitzeko lanak Jakako hilerrian, eta hainbat egunen ondoren topatu dituzte. Galdakaoko Udalak adierazitakoaren arabera, itxura guztien arabera Asuarenak dira aurkitutako hezurrak, baina hori ziurtatzeko DNA frogak egingo dituzte.
Aurkikuntza, hainbat urtetako ikerlanaren eta instituzio zein elkarte askoren elkarlanaren emaitza izan da. Jakan izan da Josu Larrea, Pedro Asuaren iloba txikia, baita Galdakaoko eta Jakako udal ordezkariak, Ander Aperribai historialaria –Galdakaoko udalak kontratatua– eta Jakako Círculo Republicanoko kideak ere, besteak beste. Batzuek zein besteek emandako informazioa funtsezkoa izan da Asuaren gorpuzkiak aurkitzeko. Abenduaren 21ean bildu ziren lehen aldiz, beharrezko baimenak lortu eta orain aurrera ateratako indusketak egiteko.
Pedro Asuak 21 urte zituen hil zutenean. Errepublikarren aldean borrokan ari zela atxilotu zuten Bilbon, hiria frankisten esku erori zenean 1937an, eta Jakara bidali langile batailoi batera. Salaketa bat medio, tribunal militarrean epaitu eta fusilatu zuten 1938ko otsailaren 7an. Hilerri ondoko hobi batean lurperatu zuten.
Josu Larreak 2005ean jakin zuen Aragoiko hiri horretan hil zutela osaba eta bilaketa lanetan hasi zen.
Bere iloba txiki Josu Larreak 2005ean jakin zuen Aragoiko hiri horretan hil zutela osaba eta bilaketa lanetan hasi zen. Aranzadiko kideekin eta Galdakaoko Udalarekin harremanetan jarri zen ondoren, eta azkeneko honek emandako urratsei eta egindako kontratazioei esker aurkitu dute azkenean.
400 pertsona hobi komunetan
Hilerriko erregistro liburuan azaltzen den informazioarekin bat egiten du gorpuzkien kokapenak; eta iturri berak aipatzen dituen beste fusilatu batzuen gorpuzkiak ere aurkitu dituzte ondoan. Hortaz, desobiratze honek bidea ireki dio Jakan lurperatuta egon daitezkeen 400 pertsona ingururen gorpuzkiak berreskuratzeari.
Azkeneko frogek ez badute senidetasuna baztertzen, Asuaren gorpuzkiak Galdakaoko hilerrira eraman nahi ditu familiak, posible bada gune berezitu batean uzteko. Hain justu, orain hilerri hori dagoen lurrak Asuaren familiarenak ziren, eta seme bakarra izanik, “bereak liratekeen lur horietara itzultzea esan nahiko luke”, ilobak azaldu duenez.