argia.eus
INPRIMATU
PCR negatibo bat behar da Hegotik Ipar Euskal Herrira sartzeko
  • Urtarrilaren 31tik indarrean da neurria. Hegotik Ipar Euskal Herrira sartzeko, gehienez 72 ordu lehenago egindako PCR proba negatiboa aurkeztu behar dute 11 urtetik gorako herritarrek. Baldintza honetatik salbuetsita daude mugatik 30 kilometro baino gertuago bizi direnak eta lanagatik doazenak.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 02a

Lanagatik muga zeharkatu behar dutenek lan baimena aurkeztu behar dute eta 30 kilometro baino gertuago bizi direnek bizilekuaren frogagiria. Gehienez 24 orduz luzatu dezake joan-etorria Ipar Euskal Herrira doanak.

Europar Batasunetik kanpoko herritarrek inola ere sartzerik ez

Frantziako Gobernuak Europar Batasunetik kanpoko herritarrentzat mugak itxi ditu, pandemiaren hirugarren konfinamendua saihestu nahia argudiatuta. Frantziako herritarrek ere ezingo dute Europar Batasuneko mugetatik kanpora joan, oso justifikatutako argudiorik ez badute.

Zortzi pasabide lehendik itxirik, "terrorismoaren kontra egiteko"

Frantziako Gobernuak urtarrilean Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko zortzi pasabide itxi zituen, eraso jihadisten testuinguruan "terrorismoaren kontra egiteko". Herritarrek egoera salatu zuten urtarrilaren 30ean Lizuniagako lepoan. Mugak irekitzea eskatzeko EH Baik eta EH Bilduk elkarretaratzea deitu dute otsailaren 14an Lizarrietan.

Gai honi lotuta, herritarren esperientziak jaso ditu Oihana Teyseyre-k Berria-n. Maite Ubiriak landu du gaia Naiz-en.