Espainiako Konstituzio Auzitegiak Euskal Herriko frackingaren aurkako legea baliogabetu zuen urtarrilean, eta asteazkenean gas perforazioaren Armentia 2 proiektua berrartu duela jakinarazi du Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari Iñigo Ansolak, Eusko Legebiltzarreko batzordean.
“Uste nuen gaur emango zenuten albistea izango zela proiektua bertan behera utziko zenutela”, esan du Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak. Ez da horrela izan: Ansolak hidrokarburoen bilaketarekin aurrera egingo dutela jakinarazi du.
Subiranotasun energetikoa eta frackingaren kostu ekonomikoak eta ingurumen-eraginak izan dira hizpide Legebiltzarrean. Ansolak esan du ez dela ziurra gasa aurkituko den edo ez, eta gehitu du proiektua subiranotasun energetikoaren mesedetan egiten ari direla. Zentzu horretan, Mikel Oterok nabarmendu du egun EAEko dependentzia energetikoa %93koa dela.
Horrez gain, Ansolak adierazi du proiektuak izango duen inpaktu ekonomikoa kalkulatzea ezinezkoa dela oraingoz, zulaketak egin eta zenbat gas dagoen jakin artean. Orain arte, 19 milioi euro inbertitu dira frackingean.
Ahal Duguko legebiltzarkide José Ramón Becerrak proiektuaren bideragarritasun eza salatu du: “Bideragarria ez den proiektu batekin tematu zarete, hasieran proiektuan sinesten zuten enpresa guztiek atzera egin baitute”. Bestalde, Armentia 2 gas-putzua gelditzea eta inbertsioa energia berriztagarrietara bideratzea eskatu die Energiaren Euskal Erakundeari eta zulaketen arduradun den Hidrocarburos Euskadi (SHESA) enpresari. “Kontua ez da gasa aurkituko duzuen edo ez, kontua da ez duela merezi hidrokarburoetan inbertitzeak. Gasa jada ez da merkatuan lehiakorra”, esan du Becerrak.
Mikel Oterok frackingaren bultzatzaileei leporatu die soilik etekin ekonomikoari begiratzen diotela: “Zer egiten du SHESAk Errioxan? Errioxarrek euren gasa modu jasangarrian ustiatzea ahalbidetzen al du? Edo diru bila dabil?”. Horrez gain, Oterok salatu du Armentia 2ko zuzendaritza teknikoa enpresa pribatuen esku geratuko litzatekeela, SHESA enpresa publikoak proiektuan duen partizipazioa txikiagoa delako.