argia.eus
INPRIMATU
Ezkabako ihesaldia
Paula eta Paulina
  • 1938ko Ezkabako ihesean fusilaturiko Leoncio de la Fuenteren gorpuzkinak eman dizkiote haren alaba Paulari. Ekitaldian izan da Paulina Lizoain, haurra zela fusilatzea ikusi zuen emakumea; haren lekukotzari eta Txinparta elkarteak egindako lanari esker aurkitu dute hobia.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko abuztuaren 31
Paula dela Fuente (eskuinean) eta Paulina Lizoain (ezkerrean), gorpuzkinak entregatzeko ekitaldian (arg.: Nafarroako Gobernua)

Europan inoiz izandako kartzela-ihes handienean, Nafarroako San Kristobal gotorlekuan 1938ko maiatzaren 22an gertatutakoa, ehizakiak balira bezala harrapatu eta hil zituzten presoetako asko –denera 795 presok egin zuten ihes eta haietatik 206 momentuan fusilatu zituzten inguruko mendietan–. Leoncio de la Fuente Ramosekin ere halaxe egin zuten.

Valladolideko Fresno el Viejo herrikoa, 1936ko uztailaren 19an falangisten talde bati aurre egin zielako atxilotu zuten etxean, ohean gaixo zela; bizitza osorako kartzelara zigortu eta Ezkaban amaitu zuen. Haren familiak ez zuen sekula jakin zer gertatu zitzaion, "beste familia batekin alde egin zuela esan zieten", azaldu dio Naiz-eko Aritz Intxusta kazetariari haren birbiloba Beatriz Fernándezek.

2018ko uztailean Aranzadiko teknikariek hainbat gorpu atera zituzten lurpetik Larrasoaña herriko hilerri ondotik, Ezkabatik ez oso urrun. Horretarako ezinbestekoa izan zen Paulina Lizoaien lekukotza, Txinparta elkarteari esker lortua. Haurra zela, bere aita ikusi zuen beste gizon batzuekin hilotz horiek lurperatzen: “Bi gorantz begira jarri zituzten eta beste bi beherantz, bi konfesatu ziren, beste bi ez”.  Ez zuten sekula horretaz hitz egin, baina irudi hori oroimenean eraman du urte guztiotan larrasoaindarrak. “Horiek ere familia bat izango dute”, galdetzen zion bere buruari.

2018ko uztailean aurkitu zituzten Larrasoañan Ezkabatik ihes egindako presoen gorputzak, Paulina Lizoain-en lekukotzari esker.

Nafarroako DNA bankuarekin egindako ikerketa genetikoari esker jakin izan dute haietako bat Leoncio de la Fuente dela; beste hirurak zein diren oraindik ez dakite. 82 urte geroago bere familiari eman dizkiote gorpuzkinak, Memoriaren Institutuak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian joan den ostiralean egindako ekitaldian. Oraindik bizirik dagoen Leoncioren alabetako batek, Paula de la Fuentek jaso ditu aitaren hezurrak, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Olloren eskutik.

Ekitaldian Paulina Lizoain ere egon da eta elkar ezagutu dute azkenean. Paula eta Paulina, 90 urte inguruko bi emakume, lurperatuaren eta lurperatzailearen alabak.