argia.eus
INPRIMATU
Paul Rios: “Gizartearen adostasunek erakutsi dezakete bakerako bidea”
  • Elkarrizketa eta bizikidetza izeneko nazioarteko mintegia egingo da Donostiako Kursaalen gaur; eta bihar Baionan berriz, Bake Foroa. Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak Berriari adierazi dionez, ekitaldiarekin bake prozesuan herritarren parte hartzea eta elkarbizitzari buruzko hausnarketa bultzatu nahi dituzte.

Josu Urtubia @otxua 2012ko abenduaren 14a
Paul Rios Lokarriko koordinatzailea.

Gaurko zein biharko ekitaldietan aditu ugari izango dira, esaterako Brian Currin abokatu hegoafrikarra.

Baionako Bake Foroari dagokionez, Riosek azpimarratu du Ipar Euskal Herriak azkenaldian bake prozesuan hartu duen garrantzia. Aieteko konferentzia egin zenetik herritarren artean interes handiagoa nabaritu du Riosek eta Baionako foroarekin Ipar Euskal Herriaren parte hartzea bultzatu nahi dute.  

Gizarteak prozesuan garrantzi handia izango duela iruditzen zaio Lokarriko kideari. Gizarteak berak parte hartzeko ekitaldiak eskatu behar dituela adierazi du eta gaur egunean gure herrian dagoen kohesio soziala aprobetxatu beharra dagoela. “Gizartean adostasun batzuk izaten ari dira eta horiek erakutsi dezakete bakerako instituzio eta politikoek hartu beharreko bidea”.

Bake prozesuari begira jarrita bi irudipen dituela azaldu du. Egoera oso baikorra iruditzen zaio, ETAk armak utzi eta bere erabakia irmoa dela ziurtatzea eta Sortu legeztatu izana. Baina jarri diren baldintza batzuk ez direla betetzen uste du. Espainiako eta Frantziako gobernuen eta ETAren arteko harremanen falta nabarmendu du Riosek.