argia.eus
INPRIMATU
Paul Abasolo Urrezko Baloirako hautagai ez izatea eskatu du Durangoko Udalak
  • Durangoko Plataforma Feministak aurkeztu zuen mozioa eta EH Bilduren, Herriaren Eskubidearen eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu da erabakia.

ARGIA @argia 2017ko otsailaren 03a
Paul Abasolo erdiko jokalaria da.

Bizkaiko Cantera Deportiva kirol hedabideak futboleko 3. mailan Urrezko Baloia irabazteko hautagaien artean aurkeztu du Paul Abasolo. Portugaleten jokatzen duen futbolaria 2010ean hiru sexu erasorengatik zigortu zuten eta indultu partziala jaso zuen. Sexu erasoengatik zigortu eta gero, Espainiako Estatuan indultua jaso duen pertsona bakarra da.

Plataforma Feministak adierazi du Abasolo zigortu egin zutela eta ondoren indultua jaso zuela. Geroago, feminista bati salaketa jarri zion, haren aurka aritzeagatik. Orain berriz, sari baterako proposatzea salatu du plataformak eta hedabideei hausnarketa egiteko eskatu die. Plataformaren ustez, ez da bateragarria indarkeria matxista salatzea eta sariak ematea.

EH Bilduko ordezkariak esan zuen futbolaria izanda saria emateak eredu bihur dezakeela Abasolo. Herriaren Eskubidearen aburuz, eraso larriak egin zituen Abasolok eta ez du damurik erakutsi.

EAJ eta PP abstenitu egin ziren bozketan. EAJko ordezkariek ez zuten haien iritzirik eman, eta aldiz, PPkoak bai. Haren ustez, gauzak nahastu dira: “Gauza bat da pertsona bat futbolean hobeagoa edo txarragoa izatea eta beste bat hemen gauden guztiok sexu erasoak gaitzestea”.

Suhiltzaile probetan aurkeztu da

Euskal Herriko Bilgune Feministaren webgunean irakur daitekeenez, “Paul Abasolok suhiltzaile probetan eman du izena, lanpostu publiko batean aritzea posible delarik”. Hori salatzeko deialdiak egingo dituztela adierazi du Bilgune Feministak.

2012an Paul Abasolori buruzko artikulu luzea argitaratu zuen ARGIAk.