argia.eus
INPRIMATU
Paueko MCEDD biltzarreko mobilizazioetan zerbait berria sortu da
  • Apirilaren 8an Ségolène Royal Ingurumen ministro frantsesak iragarri du “erregaiak Mediterraneoan bilatze lanen moratoria berehalakoa”. Le Monde egunkariak ulertu du badirudiela iragarpen horrekin erantzuten zaiela ekologistek apirilaren 5etik 7ra Pauen gas eta petrolio konpainia handiek antolatu bilkura oztopatzeko egin duten ahaleginari.

Enbata 2016ko apirilaren 12a
Militante ekologistak Paueko MCEDD biltzarra blokatzen. (Argazkia: Enbata)

Mobilizazio izugarri batek hiru egunez oztopatu du serioski Paueko MCEDD gailurra eta bide batez ondorio zehatz garrantzitsuak ekarri ditu. Era berean eragin du Biarnoko ezkerraren barruan eztabaida lehertzea, alde batetik David Habib bezalako aiatolah produktibisten –ANV-COP21ko militanteak estremista eta zorotzat jo ditu– eta bestetik mobilizazioen defentsa beren gain hartu duten hainbat pertsona esanguratsu –Billèreko alkate Jean-Yves Lalanne esate baterako– eta talde politiko eta sozial askoren artean.

Klimaren aldeko mugimenduarentzat halako jaiotze data berri bat bezala izan da eta balio izan du amaiera emateko COP21 gailurrari, zeina amaitu den konpromiso handiekin –klimaren berotzea atzeraezinezko puntuaren azpitik kontrolatzea, esan nahi baita +2 ºC edo +1,5 ºC– baina horiek betearazteko bitartekorik jarri gabe. Paueko mobilizazioa –eta Euskal Herriak aktiboki hartu du parte bertan– aro berri bat zabaldu du: aro honetan jendeak eta herriak deituak dira agertokian azaldu daitezen konpromisoak betearaztera, edukiz osatuz, funtsean erabiliz desobedientzia zibila eta ekintza ez-bortitz eta sendoa.

Dagonekoz deia egina dago maiatzaren 7tik 14ra arte mundu osoan ospatzeko aste bat erregai fosilen aurka, horiek baitira negutegi eragineko gas isurketen %62en errudunak.

(Enbata kazetaren apirilaren 11ko "Pau: un moment fondateur", ARGIAk euskaratu eta laburtua).