argia.eus
INPRIMATU
Patxi Zabaletak Nafarroako Parlamentua utziko du
  • Nafarroako Parlamentuak kide historiko bat galduko du 2015. urtean. Patxi Zabaletak iragarri du ez duela bere burua aurkeztuko hurrengo hauteskundeetan.

ARGIA @argia 2014ko abuztuaren 07a
Patxi Zabaletak 2003tik Nafarroako Parlamentuan izan duen kargua utziko du (argazkia: Diario de Navarra).

“Garai berriak dira eta protagonismoa beste batzuei eman behar zaie”, adierazi dio politikariak EFE albiste agentziari. Parlamentuan egin duen hamabi urteko ibilbideari amaiera emango dio erabaki horrekin.

2003tik da parlamentari. Urtebete lehenago, 2002an egin zuen Aralarrek kongresu eratzailea Gasteizen eta Leitzako politikaria hautatu zuten koordinatzaile. Egun Aralarren bozeramailea da, Nafarroa Bai taldea desegin zenean talde propioa eratu ostean.

Aralarren jarraituko du

Parlamentuko eserlekua utzi arren, 67 urte dituen Leitzako politikariak lanean jarraituko duela iragarri du. “Hiltzen den arte” ez dela politikatik erretiratuko berretsi du Zabaletak.

Lan politikoaz gain, idatzi dituen liburuengatik eta Euskaltzaindiko kide izateagatik ere ezaguna da Aralarreko kidea.