Euskal preso politikoak gose greban 26 egun bete ditu gaur. Bere egoera salatzeko eta amnistia aldarrikatzeko mobilizazioak antolatu dituzte asteburuan, Euskal Herrian eta nazioartean.
Patxi Ruizen egoera salatzeko eta amnistia aldarrikatzeko mobilizazio gehiago iragarri dituzte asteburu honetarako. Ostiralean, larunbatean eta igandean manifestazioak eta kontzentrazioak egingo dituzte hainbat lekutan.
Hogeita sei dira Ruizek gose greban daramatzan egunak. Presoak duela hiru egun eman zuen bere egoeraren berri, ospitalizatua izan aurretik idatzitako eskutitza igorri zuenean. Bertan, presondegietan jasaten dituzten “erasoak eta mehatxuak” salatu zituen txantrearrak enegarrenez, eta gose grebarekin jarraitzeko asmoa berretsi zuen.
Ostiraleko mobilizazioak
Gaurko hainbat deialdi zabaldu dira dagoeneko. Baionan, adibidez, 18:30ean Herriko Etxearen aitzinean kontzentrazioa egingo dute. Maulen ordu berean Gurutze Xuriaren aurrean egingo da elkarretaratzea. Bilboko Deustun 19:00etan San Pedro Plazan elkartuko dira. Elgoibar eta Basaurin 19:30ean izango dira bilkurak, Kalegoen Plazan eta Bentako Plazan, hurrenez hurren. Burlatan 20:00etarako Askas Plazan zabaldu dute deialdia. Berangon 20:00etan Patxirekin elkartasun poteoa egingo dute, ura edanez eta tabernetatik informazioa banatuz. Tolosan, berriz, manifestaziorako hitzordua dute 20:00etan, Triangelu plazatik abiatuta. Bartzelonara ere zabaldu da elkartasun-ekimena, 20:00etan Nou Barriseko Plaça de l'Estació de Sant Andreu Arenalen mobilizazioa izango baita.
Larunbata
Goizetik hasita, Berangon kotxe-karabana egingo dute 10:00etan Millatik abiatuta, Basauriko kartzelaraino. Segidan, kontzentrazioa egingo dute Basauriko espetxearen aurrean, 13:00ak aldera. Donostian manifestazioa izango da bihar, 20:15ean Bulebarretik irtengo dira zutabeak. Nazioartera begira, Irlandako Derry eta Dublin hirietan ere Ruizen aldeko elkarretaratzeak egingo dituzte.
Igandea
Ondarroan 13:00etan Alamedan kontzentrazioa egingo dute zenbait lagunek. Berangon, berriz, 13:00etan elkartuko dira, Gudarien Enparantzan.