Ostegun honetan Patxi Ruiz euskal presoarekin elkartasunez Lizarran deituta zuten elkarretaratzea debekatu dietela salatu du Amnistia Osoa mugimenduak. Gobernuko delegaritzak debekatu du ekintza, Guardia Zibilaren bitartez. “Ustez, osasun neurrietan oinarritzen da debekua, nahiz eta lehenengo elkarretaratzean guztiz bete genituen”, diote.
“Salbuespen egoera hoetan, faxistak manifestatzen diren bitartean, antifaxistak kolpatuak dira eta Patxi Ruiz euskal preso politikoaren aldeko mobilizazioak debekatuak eta erasotuak dira. Askatasun politikoen urraketa sistematikoa ematen ari da pandemiaren aitzakiapean”, salatu dute. Iruñeko manifestazioan jazotakoa jarri dute adibide.
Ostegun honetako mobilizazioa bertan behera geratu den arren, gose greban dagoen presoaren aldeko elkartasun keinuek aurrera jarraituko dutela gehitu dute. Maiatzaren 30ean, Iruñeko Gaztelu Plazan egingo den mobilizaziora joateko deia egin dute.