argia.eus
INPRIMATU
Patxi Ruiz presoak gose eta egarri greba hasi du kartzelazainen mehatxuak salatzeko
  • Murtzia II espetxean dagoen Iruñeko preso politikoak mehatxuak salatu zituen funtzionarien partetik, maiatzaren 9an presoek euren egoeragatik protestatzeko egindako elkarretaratze baten ondoren. Hori dela-eta bere buruari zauriak egin zizkion beso batean eta astelehenean gose eta egarri grebari ekin dio.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 11

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (AAEAM) jakinarazi duenez, Patxi Ruiz euskal presoak gose eta egarri greba hasi du Murtziako espetxean, egunotan bizi izan dituen egoera eta mehatxuengatik protesta egiteko.

Covid-19aren krisia argudiatuta presondegian egin diren eskubide murrizketak salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte presoek; maiatzaren 9an horietako batean parte hartu ondoren, funtzionarioek eta espetxeko zuzendari eta segurtasun arduradunek mehatxatu egin zuten, honen esanetan. Mobilizazioen "burua" izatea egozten zioten euskal presoari eta "ondorioak sufrituko zituela".

"Mehatxu horien aurrean defendintzeko Patxik zauriak egin zituen besoan", dio AAEAMek –abenduaren 31n protesta molde bera erabili zuen espetxezainen jarrera salatzeko–, eta herizaindegian medikuak lasagarriak ukatu eta emandako tratu eskasaren ondoren, gose eta egarri grebari ekin dio astelehenean.

"Egoera oso larria da, gose eta greba baten aurrean gopurtzeko organuek laugarren edo bosgarren egunetik aurrera huts egiten hasten baitira. Exijitzen dugu Patxiren kontrako erasoak amaitu eta Murtziako espetxeko 8. moduloko presoen eskaerei jaramon egin diezaietela, azaldu du mugimenduak.