argia.eus
INPRIMATU
Patxi Oliden ‘Danbolin’ hil da, Hego Euskal Herrian lehenbiziko surf taulak egin zituen oriotarra
  • Asteazkenean hil zen Patxi Oliden 'Danbolin', 96 urterekin. Hego Euskal Herrian lehenbiziko surf taulak egin eta 4.000 musika-partitura baino gehiago sortu zituen oriotarraren aldeko hileta elizkizuna gaur, osteguna, egingo da Orioko parrokian, 18:00etan.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 16a
Oliden, artxiboko irudi batean / Karkara

Ofizioz mekanikaria zen 'Patxi Danbolin'. Ez zuen sekula surfik egin, baina bazekien taula batek zein ezaugarri izan behar zuen. 1960ko hamarkadan sortu zituen lehenbizikoak. Halaber, 4.000 partitura baino gehiago ditu sortuak, eta bere haurtzaroa oinarri zuen Oriori buruzko liburua ere argitaratu zuen 2008an, Karkara aldizkarian irakurri daitekeenez. Berari zor dio izena Orioko musika eskolak. 2015ean, bestalde, berari buruzko Erreplika film laburra egin zuen Iñigo Gaiton kazetariak.

Ikasketa guztiak gaztelaniaz egin zituen Olidenek; euskaraz alfabetatu gabea zen. Baina, 2008an argitaratutako Orio herrixka liburua idazten hastean, ez zuen zalantzarik izan euskaraz aritzearekin. 2008an Urola Kostako Hitza-ri eskainitako elkarrizketan, hala esan zuen: "Gure etxean beti egon izan da euskararekiko nolabaiteko zaletasuna; txiki-txikitatik ikusi izan dut etxean euskarazko zerbait. Beti landu izan dut euskara, eta hala jarraitzen dut orain ere".

Karkara aldizkariak hainbat lagunen erreakzioak jaso ditu webgunean: Erreakzio ugari eragin du Patxi Oliden 'Danbolin'-en heriotzak.