argia.eus
INPRIMATU
Patxi Lópezek ukatu egin du Iruñeko zentsura mozioa Sánchezen inbestidura baino lehen adostu zenik
  • Espainiako Kongresuan egiten ari diren eztabaidan oihartzuna izan du Iruñeko alkatetza aldatzeko PSNren eta EH Bilduren arteko akordioak. Alberto Nuñez Feijóok esan du "akordio enkaputxatu" bat dela. Patxi Lópezek, berriz, ukatu egin du Sánchezen inbestidura aurretik adostu zenik.

ARGIA @argia 2023ko abenduaren 13a

Ez dirudi Iruñeko Udala eskuz aldatzeko zentsura mozioaren eragina Iruñean soilik nabarituko denik. Beste behin, Nafarroako hiriburuan gertatzen dire lurrikaren dardara Madrileraino iritsi dira. Espainiako Kongresuan ari dira eztabaidatzen Amnistiaren Legea, oso modu gordinean, eta testuinguru horretan Nafarroatik etorritako albistea berehala mahairatu dute batzuek eta besteek.

Nuñez Feijóo eta Iruñea "entregatzea"

Alberto Nuñez Feijóo PPko buruzagi eta oposizioko ordezkari nagusiak Pedro Sánchezi egotzi dio Iruñeko Udala "entregatzea hautes zerrendetan hiltzaileak daramatzan alderdiari", eta "akordio enkaputxatu" bat dela dio.

Aldiz, Patxi Lopez PSOEko ordezkariak Kongresuan –Sánchez ez dago momentu honetan Madrilen eta bere ordez ari da hitz egiten– esan du ez dituela akordioaren "detaileak", baina Iruñeko Udala "paralizaturik" dagoela, "inorekin akordioak egiteko gai ez den gobernu talde bat dagoelako bertan".

Hala ere, Lópezek ukatu egin du Asiron alkate bihurtzeko EH Bilduren eta PSNren arteko akordioa Sánchezen inbestidura baino lehenago egin zenik.