argia.eus
INPRIMATU
Patxi Leuza (Geroa Bai): “Inoiz ez ditugu jakingo Barcinaren erabakiaren benetako arrazoiak”
  • “Iragarritako amaiera” izan da Barcinaren asteleheneko iragarpena Patxi Leuza Geroa Baiko parlamentarioarentzat. Albiste ona dela uste du, ez hainbeste oposizioko alderdientzat, baina bai gizarte nafarrarentzat.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko azaroaren 11
Patxi Leuzak uste du Barcina ez doala bere borondatez (argazkia: Nafarroako Parlamentua).

“Inoiz ez ditugu jakingo erabakiaren atzean dauden benetako arrazoiak”, adierazi du Leuzak; “Barcina ez doa bere borondatez”. Erabakiaren berri UPNren exekutibaren ondoren eman duela gogoratu du eta beraz, “gertatu dena, asteburu honetan gertatu dela”.

Leuzak dio bere “etsairik handienari” ere opa ez dizkion baldintzetan utziko duela barku forala Barcinak, Volkswagen auziarekin, aurrekontu luzatuekin, balantzaka dabilen PSNrekin…

Horren aurrean, aldaketaren aldeko indar politikoek sozialista nafarrekin kontatu gabe gehiengo soziala lortu behar duela uste du. “Azken urteetako gertakariek” erakusten dute, bere esanetan, PSN ez dela fidatzeko moduko aliatua.

Nork ordezkatuko du Barcina?

Nafarroako presidentea kargurako berriz aurkeztuko ez dela jakin ostean haren ordezkoa izan daitekeenari buruzko kinielak egiten hasi dira zenbait hedabide. Diario de Navarraren astearteko azalean lau izen ematen dituzte, baina Leuzaren ustez UPNren baitan “familien arteko gerra” baten erdian daude eta ezer ez dago ziur.

Hilaren 21era bitarteko epea daukate UPNko kideek buruzagitzara beren burua aurkezteko. Azaroaren 30ean Tuteran egingo den alderdiaren egunean aurkeztuko dute, seguruenik, alderdiko zerrendaburu berria.