argia.eus
INPRIMATU
Patxi Ezkiagak Legorretako “seme kuttun” izateari utziko dio, udalak hala erabakita
  • Legorretako Udalak ostiralean jakinarazi du Patxi Ezkiaga idazle eta elizgizonari herrian egindako goraipamen guztiak kenduko dizkiola. Ezkiagak Marisol Zamorari umetan egindako sexu erasoak publiko egin ondoren hartu du erabakia udalak. Beste hiru emakumek ere salatu dituzte Legorretako "herriko seme kuttun" izandakoaren sexu abusuak, El País egunkariak argitaratu duenez.

Axier Lopez @axierL 2024ko ekainaren 07a
Iñigo Ibañez - Goierriko Hitza

Marisol Zamorak 8 urte zituenetik 13 urte bete bitartean behin eta berriz jasan zituen Legorretako Patxi Ezkiaga elizgizonaren sexu-erasoak. Honela zioen Zamorak: “Zortzi edo bederatzi urte izango nituenean hasi zen. Lehen oroitzapen gogor gisa, akordatzen naiz egun batean diapositiba batzuk jartzera etorri zela. Ilunpetan, bere hanken gainean esertzera behartu ninduen, eta fraidea zenez, inork ez zuen ikusten edo ez zuen ikusi nahi. Nire hankak irekita esertzen nintzen bere hanka baten gainean, eta denbora guztian nire belauna ukitzen, nire ipurdia, bizkarra. Genitalak ukitzen zizkidan hankarekin, hanka igurzten zuen, edo ni mugitzen ninduen, edo bera mugitzen zen, igurzteko. Esku batean proiektorearen agintea zerabilen, eta bestearekin ukitzen ninduen. Hori guztia, nire gurasoak gela berean zeudela”.

Zamorari egindakoa publiko egin ostean, beste hiru emakume batu dira salaketara eta haiek ere Ezkiagaren partez antzeko sexu-abusuak jaso izana salatu dute. Zamorak, Berrian egindako elkarrizketa batean, adierazi du Ezkiagaren sexu-abusuak jasan dituzten beste hamar emakume jarri direla harremanetan berarekin.

Horren harira, Legorretako Udalak ostiral honetan zabaldu duen oharrean "irmo gaitzetsi ditu" sexu-eraso oro, eta bereziki "adin txikikoei egindakoak". Patxi Ezkiaga Lasari urteetan hainbat goraipamen eta izendapen egin dizkionez Legorretako Udalak, oraingo udal gobernuak erantzukizuna bere eginez, "erreparaziorako bideak" ireki eta salaketa publiko egin duen Marisol Zamorari "babesa adierazi" dio. Hala, ondorengo hiru erabaki hartu ditu udalak. Batetik, Patxi Ezkiaga Lasari herriko seme kuttun izaera baliogabetzea. Bigarrenik, Patxi Ezkiaga Kultur Etxea hemendik aurrera Kultur Etxea soilik izatea. Eta azkenik,  Ezkiagaren omenez Etxezarreta auzoko parkean jarri zuten eskultura handik kentzea.

Legorretako Udalak Ezkiaga herriko seme kutun izendatu zuen 2002ko urriaren 26an, eta haren omenezko eskultura 2021eko abenduan jarri zuten Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera. Patxi Ezkiaga 2018ko ekainean hil zen. Literatura sari asko irabazi zuen, eta batez ere poesia arloan nabarmendu zen.

Ezkiagaren omenezko eskultura. Argazkia: Goierriko Hitza.