argia.eus
INPRIMATU
Patronalen mantra, segregazioaren iturria

Nagore Iturrioz Lopez @Nagoreiturrioz Ainhoa Astigarraga Blanco Steilas sindikatua @STEILAS_ 2022ko abenduaren 23a

Euskaltzaindiaren definizioaren arabera mantra etengabe errepikatzen den ideia edo esaldia da. Titulartasun pribatuko ikastetxeen mantra da ikaspostu bakoitzaren kostu erreala estaltzeko funts publikoetatik nahiko diru jasotzen ez dutela. Baina, askotan errepikatzearen ondorioz ere, gezurrak ez dira egi bilakatzen.

Indarrean dagoen 1987ko Hezkuntza Itunak arautzen dituen dekretuak behartzen badu ere, azken 40 urteotan ikastetxe pribatuek ez dute inongo urratsik eman doakotasunerantz. Kontrara, hezkuntza eskubidea gero eta merkatu logika gordinago baten bitartez kudeatzen denez, lehia logika nagusitu da, nor baino nor hezkuntza eskaintza zabalagoa eta erakargarriagoa eskaintzeko, horrek gainkostuak suposatzen badizkiete ere. Diru ekarpena suposatzen duten ikasleak erakartzeko arau-hausteak eta trikimailuak ugariak izan dira azken urteetan, eta Eusko Jaurlaritzako konplizitatea eta ezikusiarena egitea ohikoa izan da, edozein ikastetxe pribaturen eskaerei balekoa emanda eta egun pairatzen dugun maila sozioekonomiko apaleko ikasleen segregazio basatia ahalbideratu duen ituntze sistema unibertsala sortuta.

Egun, Hezkuntza sisteman sare pribatuak sortu duen lehiakortasun horrek irizpide pedagogikoak, kohesio soziala eta aukera berdintasuna zapaldu dituzte. Ikastetxe pribatuek ez dute Eusko Jaurlaritzaren aldetik oztoporik topatu, azpifinantzazioaren izenean, joko arauak hausteko. Permisibitate horren aurrean, ez dute inongo beldurrik izan behar beste zulo ekonmikoak sortzeko beraien gardentasunik gabeko kontu korronteetan. Hona hemen hainbat adibide: 0-3 adin tarteko gela irekiz, astean eskaini behar duten irakaskuntza orduak baino gehiago eskainiz, HEZKOOP tarteko ikasleak erakartzeko irizpideetan oinarritutako alperrikako obrak aurrera eramanez (jolastokiak, kiroldegiak, fatxadak, igerilekuak...), gerentzia postuak sortuz, marketing arduradunak kontratatuz eta abar. Horren ondorioz legez kanpoko kuotak kobratzen dizkiete familiei, lehiakortasunez jositako eta kalitatearen izenean hezkuntza-merkatuaren tren horretara igotzea garesti ateratzen zaielako, alegia. Baina are garestiago ateratzen zaio gizarte osoari, kohesio sozialari egiten zaion kaltean, eragiten duen klasismo eta bereizkerian.

Egongo al da noizbait doakotasuna ahalbidetuko duen finantzazio nahikorik? Zergatik finantzatu behar du gizarteak hezkuntza sistema itundua? Zergatik ez da bultzatzen publifikazio prozesu irmo bat hezkuntza sistema publiko bat sendotzeko?

Baina hasierako esaldia berreskuratuz... beraien argudiategia oinarririk gabekoa dela begibistakoa da. Orain dela egun gutxi hedabideen bitartez jakin genuen bai ikastola pribatuetako bai kristau eskolako zuzendariek urtero ikasleko 1.500 euroko gehikuntza kalkulatzen dutela kuotak kobratzeari utzi ahal izateko, hau da, 250 milioi euro inguru. 2017ko irailaren 17an Mikel Ormazabalek hau zioen egindako elkarrizketa batean “Kristau Eskola familiei kobratzen dien kuotei uko egiteko prest legoke, Eusko Jaurlaritzak finantziaketak %25 igotzen badigu”.

Itunpeko ikastetxe pribatuek jasotzen dituzten diru publikoko modulu ekonomikoak % 17 igo dira 2017tik 2022ra. Beraz, hurbil egon gintezke Patronalen logika erabilita, baina EZ, MANTRA errepikatzen dute. Orain Kristau Eskolak eta Ikastolen Elkarteak ikasleko jasotzen dituzten 4.174 euroz gain, beste 1.500 euro beharko lituzketela diote, hau da, % 36 gehiago behar dute oraindik. Gainera, haien esanetan, beraien kontu korronteak diru publikoarekin % 17arekin puztu ondoren 2017an baino okerrago omen daude. Badirudi ez dagoela mantra etengo duen gainfinantzaketarik.

Hezkuntza legea sukaldatzen ari diren alderdi politikoek galdera hauei erantzun beharko liekete zintzoki: Egongo al da noizbait doakotasuna ahalbidetuko duen finantzazio nahikorik? Zergatik finantzatu behar du gizarteak hezkuntza sistema itundua? Zergatik ez da bultzatzen publifikazio prozesu irmo bat hezkuntza sistema publiko bat sendotzeko?

Engaina ez gaitzaten, Hezkuntza patronalek etengabe errepikatzen diguten mantra horren atzean bi gauza besterik ez daude, merkantilismoa eta ezkutuko segregazioa!

Nagore Iturrioz Lopez eta Ainhoa Astigarraga Blanco, STEILAS sindikatua