argia.eus
INPRIMATU
Greba Bizkaiko metalgintzan
Patronalaren lehendakaria
  • Ez da ohikoa ikustea Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria posizio zehatz baten alde jartzen, baina Bizkaiko metaleko greban gertatu da.

Juan Mari Arregi 2019ko urriaren 03a

Metalgintzako sektoreak 50.000 langile biltzen ditu eta geldialdiak eta grebak egiten ari dira hitzarmen duin bat lortzeko. Iñigo Urkullu Bizkaiko patronalaren alde jarri da, esanez "akordioa lortzeko ahal izan duen guztia" egin duela.

 Nola esan dezake patronalak ahal duen guztia egin duela, hilabeteak daramatzatenean akordiorik gabe eta sindikatuek ekintza batasunarekin erantzun dutenean egoerari aurre egiteko? Gaur egun ezinezkoa dirudien arren, halako batean akordio hori iritsiko da, eta orduan ikusiko da Urkulluk defendatzen duen patronalak ez duela behar adina egin aurreko hilabete horietan guztietan. Baina orduan lehendakaria isildu egingo da.

Lehendakariaren jarrera horrek ez liguke harritu behar ordea. Legegintzaldi guztian erakutsi du partida honetan zeinen alde dagoen, beti patronalarekin eta enpresa handiekin. Ajuriaeneko maizterra egunero daukagu EiTBn eta prentsan: inork ikusi al du inoiz langileen edo sindikalisten ondoan? Herri manifestazioetan? Amiantoak erasandako biktimekin? Etxe-kaleratzeen edo lan istripuen kontrako protestetan? Joan al da Urkullu, sikiera ordu gutxi batzuk, Madrilera oinez doazen euskal pentsionisten alboan?

Bada ez, inork ez du hor ikusi, ez delako zoru sozial horretara jaitsiko. Berak patronala defendatzen du, AHT, finantza munduak eta konpainiak. Haiekin tratua izaten du "lan gosarietan", inoren kritika jasango ez duen toki horietan dena baitira agur atseginak eta lausenguak. Tamalez, patronalaren lehendakaria da. Ze tristea eta lotsagarria bere papera!