Ekonomia aztertzen duten txosten ugari bezala, baikortasunaren eta ezkortasunaren arteko gris horretan kokatzen da euskal patronalaren analisia, bere kezkak eta erronkak aurkeztuz.
2019ko abenduaren amaieran, Confebask Euskal Autonomia Erkidegoko patronalak aurreikuspen ekonomikoen txostena aurkeztu zuen, 2019. urteari errepasoa egiten ziona. Ekonomia aztertzen duten txosten ugari bezala, baikortasunaren eta ezkortasunaren arteko gris horretan kokatzen da patronalaren analisia; azken finean, ekonomia aurreikuspenen inguruan inor ez da bustitzera ausartzen. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren inguruan baikortasun txiki bat sumatzen da.
2019. urteko nazioarteko ekonomiaren inguruan egindako analisiak guztiok ezagutzen ditugun elementuak azpimarratzen ditu: Brexita, AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerra, garapen bidean dauden zenbait herrialderen ekonomia arazoak... Azpimarragarriena da mundu mailako hazkunde tasa geldotu egin dela, eta, gainera, hazkunde hori ez da aurreikuspenek zioten mailara heldu. Eragin negatibo hori gehien nabaritu duen sektorea manufakturena da; zerbitzuena, aldiz, indartsu mantentzen da. AEBen hazkundea (%2,3), Eurogunearena (%1,1), Erresuma Batuarena (%1,3) edo Japoniarena (%0,9) baino handiagoa izan da; suspertzen ari diren herrialdeetan hazkundea handiagoa izan da (%3,8), baina aurreikusita zegoenetik urrun geratu da. Oro har, munduko merkataritza handitu egin da, baina, merkataritza gerra dela eta, maila apalago batean.
“Lan prekaritateari buruzko aipamenik ez da egiten, noski. Ez da aipatzen enpresarien irabaziak gero eta handiagoak izan arren soldaten eros ahalmena geroz eta murritzagoa dela”
Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, hazkundea %2,2koa izan da; 2018an %3koa izan zen. Espainiar Erresumakoa eta Eurogunekoa baino handiagoa izan da, eta, patronalaren hitzetan, hazkunde motelago horren atzean kontsumo pribatuaren eta inbertsioaren desazelerazioa aurki ditzakegu. Kanpo sektorearen ekarpena ezdeusa izan da, Alemaniaren egoera ekonomikoa dela eta. Eskariaren aldetik, barne eskaria moletago ibili da, kontsumo pribatuak beheranzko joera izan du eta lan merkatua ere apal ibili da. Sektore publikoak egindako kontsumoak egoera zertxobait hobetzen lagundu du. Industria sektorearen hazkundea asko murriztu da, Confebasken iritziz, merkataritza gerra eta autogintza sektorearen eboluzioa dela eta. Eraikuntza, aldiz, sektore indartsuena izan da, eta zerbitzuetan turismoa eta merkataritza azpimarra daitezke. Industriari dagokionez, gehien hazi diren sektoreak produktu farmazeutikoak eta energia elektrikoa izan dira; beste sektoreen hazkundea oso eskasa edo negatiboa izan da.
Enplegu aldetik, patronala harro ageri da, haien ustez langabezia tasa %9,5ean kokatu baitzen, 2009. urteko langabe kopurua baino maila txikiago batean. Lan kontratu mugagabeen kopurua handitu egin zen 2019an, behin-behineko kontratuen proportzioa murriztuz. Soldata hazkundearen eboluzioak goranzko norabidea hartu du, baina era oso apal batean: indarrean zeuden lan-hitzarmenetan, batez beste %2,01 hazi ziren; 2019an sinatu ziren lan-hitzarmenetan, aldiz, %2,31. Hala ere, krisi aurreko garaiko hazkundeetatik oso urrun daude, %4tik gorako hazkundeak baitziren.
Lan gatazken inguruan, Enplegu Erregulazio Espedienteen kopurua murriztu egin da 2019an. Grebei so egiten badiegu, laugarren urtez jarraian hazi dira; %21,4 greba gehiago egin ziren 2019ko lehen seihilabetekoan; parte hartzaile kopurua %16,9 hazi zen eta lan ez egindako orduak 73.168 izatetik 205.660 izatera pasatu ziren.
“Hiru kezka dituzte enpresariek: salmenten errentagarritasunaren murrizketa, langile gaituak aurkitzeko zailtasuna eta langileen kostuen hazkundea”
Lan prekaritateari buruzko aipamenik ez da egiten, noski. Ez da aipatzen enpresarien irabaziak gero eta handiagoak izan arren soldaten eros ahalmena geroz eta murritzagoa dela: agerian geratzen da txostenean agertzen den soldata hazkundea ez dela erreala, krisia hasi zenetik hona soldata errealak murriztu egin baitira. Confebaskentzat, 2019 urte oparoa izan da, nahiz eta grebak eta lan gatazkak jasan behar izan dituzten. Txostenean ez da poztasun ageriegi bat nabaritzen, baina bai negozioa ondo doala. Langileentzat, aldiz, egoera ez da batere ona, nahiz eta langabeziaren tasa baxuekin apaindu.
EAEko ekonomiaren hazkundea pixka bat motelduko da 2020an, baina Espainiar Erresumaren eta Europako ekonomia aurreratuen gainetik kokatuko da Barne Produktu Gordinaren hazkundearen eboluzioa. Confebasken aurreikuspena %1,9koa da, aurreko urtekoa baino hiru dezima murritzagoa.
EAEko ekonomia hazkundearen oinarria, berriro ere, barne eskaria izango da, eta industriaren egoera ez da batere ona izango. Sektore honek mundu mailako gorabeherak pairatuko ditu; hala ere, badirudi autogintzak eta petrolio birfindegien azpisektoreen joerak hobera egingo dutela. Zerbitzu sektorea gutxiago haziko da, turismoa dela eta. Hoberen jardungo duen sektorea eraikuntza da, nahiz eta ez den hain indartsu agertuko.
Bestalde, txostenak enpresariak kezkatzen dituen hiru gaiak azpimarratzen ditu. Azken urtean salmenten errentagarritasuna murriztuz joan da. Bestetik, langile gaituak aurkitzeko zailtasuna ere kezka handia da; azkenik, langileen kostuak hazi egingo dira.
Enpleguaren aldetik, Confebaskek hazkundea iragarri du, krisi aurreko maila gaindituz. Langabezia tasa %9ra jaitsiko da, 2008tik izandako baxuena.
Laburbilduz, “Euskadin beti hobeto” izan daiteke aurreikuspenen goiburua. Egoera antzekoa izatea aurreikusten du txostenak, industriaren egoera iluna mantenduz eta eraikuntzaren indarra (ahulagoa) azpimarratuz.
“Industria 4.0, lehiakortasuna, egonkortasun politiko eta instituzionala, langileen kopurua eta prestakuntza, lan harreman kolaboratiboak eta enpresarien aintzatespena dira patronalaren erronkak”
Patronalak EAEko ekonomiak dituen hainbat erronka ere planteatzen ditu: industria 4.0, lehiakortasuna sustatzea, egonkortasun politikoa, instituzionala eta antzekoak bultzatzea... Lan harremanen inguruan, zenbait erronka azpimarragarriak dira. Batetik, enpresek langile kopurua eta horiek behar duten prestakuntza maila bermatu nahi dituzte. Bestetik, lan harreman kolaboratiboa bultzatu nahi du patronalak, enpresen lehiakortasuna eta bideragarritasuna asetzeko asmoz. Aipatzen duten beste erronka bat da enpresarien eta enpresaren aintzatespen sozialean aurrera egitea, euren hitzetan, aberastasunaren, enpleguaren eta gizarte-ongizatearen sortzaileak direlako.
Beste hainbat gomendio eta erronkaren artean, beti errepikatzen da hazkunde ekonomiko moderatuaren eta ziurgabetasun handiko merkatuen egungo fasera egokitzea. Elkarrizketa sozialari ere aipamena egiten diote, enpresariek eta langileek, patronalak eta sindikatuek interes berdinak izango balituzte bezala. Horrela, negoziazio kolektiboa lehiakortasunean laguntzeko tresna modura planteatzen dute.
Txostenak eta planteatzen dituen erronkek, berez, hamaika gabezia dituzte. Ez dira inondik ere ikusten klima aldaketa eta datorren kolapso ekologikoa, industria eta enpresak era gogor batean kolpatuko dituztenak. Ez da epe luzeko ikuspegia lantzen; epe laburrean kokatzen da analisia. Genero ikuspuntua ere ez da inondik aurkitzen. 2018an eta 2019an gauza asko gertatu dira horren inguruan, bi greba feminista tartean, baina badirudi soldata arrakala ez dela existitzen.
Erronken aldetik, patronalaren proposamena da Adegik planteatu zuen Lan Harremanen Eredu Berriari jarraipena ematea, baina hortik kanpo, ez da ezer berririk proposatzen: langileak eta erakunde sindikalak enpresen helburuen mende jartzen dira.
Laburbilduz, urteko analisiaren eta aurreikuspenen inguruan egiten diren txostenen artean, Confebaskek abenduaren amaieran argitaratu zuen hau oso eskasa da, aurkezten duen analisia ahula baita.