argia.eus
INPRIMATU
Patri Urkizu euskaltzale, ikertzaile eta idazle lezoarra zendu da
  • 78 urterekin hil da ibilbide oparoa izan duen euskaltzalea. Euskal Filologian doktore izateaz gain, hamarnaka lan argitaratu zituen, poesian, nobelan zein saiakeran, baita biografiak eta bertso bildumak ere. Lan handia egin zuen antzerkigintza ikertzen.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko abenduaren 18a
2006ko irudi bat. Dani Blanco - ARGIA Fototeka

Lezon jaioa 1946an, azken orduotan zendu da Patri Urkizu euskaltzale, idazle eta irakaslea. Kantitatez zein kalitatez, obra handia ondu du Urkizuk: era guztietako liburuak, poesiatik hasi eta testu klasikoen edizioetaraino, baita azterketa linguistikoak ere, Euskal Filologian doktore zenez gero, eta bildumak ere egin zituen.

Teatroari heldu zion lehenbizi, eta horrekin segituko zuen gerora ere, hamarkada luzez. Euskal teatroaren historia saiakera liburua argitaratu zuen 1975ean, tartean xaribariez mintzatzeko; horixe izan zuen lehen lan luzea. Hamarkada bat geroago, Euskal Antzertia aurkeztu zuen, Piarres Larzabal eta Antonio Labaien maisuen lanak aztertuta. Izan ere, garai hartan, Eusko Jaurlaritzak babestuta, martxan ipini zen Antzerti, arte dramatikoa aztertzeko egitasmoa, eta bertan aritu zen Urkizu. Baina ez zuen horretara mugatu bere idazketa; esaterako, euskarazko poesiari eginiko Espainiako Kritika Saria jaso zuen Zeren azken finean (GAK, 1984) lanagatik.

Urkizu, 1984an ARGIA - ARGIA Fototeka

Argitaratzen segitu zuen. Besteren artean, Zuberoako irri-teatroa plazaratu zuen Baigorriko Izpegi argitaletxearekin. Gaztelaniaz Teatro popular vasco deiturikoa argitaratu zuen. Bordelen eta Madrilen izan zen irakasle, unibertsitatean, euskararen eta euskal literaturaren munduratzeari buruzko ezagutzak ematen.

Bertsogintzaz ere asko idatzia da Urkizu. Besteak beste, Bertso zahar eta berri zenbaiten bilduma 1798 (Durangoko Udala, 1987), Lapurdi Baxanabarre eta Zuberoako bertso eta kantak (Etor, 1991), edota Anton Abbadiaren koplarien guduak. Bertso eta aire zenbaiten bilduma, 1851-1897 (Eusko Ikaskuntza, 1997).

Nabarmentzekoak dira Zoazte hemendik (Susa, 1995) nobela eta Balada zaharrez (Erein, 2005) saiakera liburua. Azken horren harira, zeinean istorioak kontatzen diren bertsotan, ARGIAn elkarrizketa egin zion Pilar Iparragirrek, eta zera kontatu zion Urkizuk, baladen funtzioaz eta horiek liburu batean biltzeaz galdetuta:

"Egia da batzuek zorrotzegi kontsideratu izan dituztela kanta apokrifo hauek, adieraziz ea zer arraiotarako balio duten asmakizun horiek benetako historiarako. Gaur egungo ikerleek begirunez ikusten dituzte, nire ustez, zeren esaten dute herri txikietan asmakizun hauek -eta asmakizun asko izan ziren Ingalaterran ere- hizkuntza eta kultura berpizteko eta duintze bidean jartzeko oso baliagarriak izan direla. Eta nik uste dut euskal teatroaren historian dudarik gabe istorio hauek beste dimentsio bat hartu dutela, eta horregatik uste dut interesgarri direla, dudarik gabe".

Euskal Idazleen Elkarteko presidente izendatu zuten 1989an, eta kargu horretan egon zen 1997ra arte. Horrez gain, Eusko Ikaskuntzako kide izan zen, eta euskaltzain urgazle ere izendatu zuten.

 Dani Blanco - ARGIA Fototeka

Alkate trantsizioan, euskararen alde

1979tik 1983ra Lezoko alkate izan zen Patri Urkizu, Trantsizio garai bete-betean. Aitzindaria izan zen udalean euskara itzultzailea ipintzen. Ekinbide horrekin, udalbatzetan bat-bateko itzulpenak egiten hasi ziren Lezoko Udalean, baita aktak euskaraz jasotzen ere. Udal langileei lanordutan euskara ikasteko saioak eskaintzeko egitasmoa abiatu zuen, eta kaleko kartel eta seinaleak euskaratzeari ekin zion, artean administrazio arloko hiztegia egiteko zegoen garaian.

Patri Urkizuri buruzko informazioa, publiko

Ibilbide oparoa osatu du Urkizuk, herriaren alde, euskararen eta euskal kulturaren mesedetan, eta duela hiru urte pasatxo aurkeztu zuen eskuartean zuena: bere ibilbideko sorkuntza osoa herritarren eskura ipintzea. Bost hamarkadatako ibilia, atari digital batean: patriurkizu.eus.

"Goza eta dasta itzazue testu apal horiek", nabarmendu zuen Urkizuk ekitaldi hartan.

Patri Urkizu, 2006an. Dani Blanco - ARGIA Fototeka