Antza denez, pasa den uztailaren 13an, Errenteriako etxebizitzan sortutako sutea patinete elektriko baten baterian piztu zen. Oraingo honetan eta zorionez, bakarrik kalte materialak eragin ziren. Hala ere, ez pentsa ezbehar hori ezohikoa denik, azken boladan, suhiltzaileak buru-belarri dabiltza kontu honekin. Egia esanda, gure etxebizitzak mota guztietako aparatu elektrikoekin bete ditugu, inolako prebentzio neurririk gabe. Patineteen bateriak pilatu dezaketen energia ez da txantxa, barne-arazoen ondorioz, sute indartsu eta azkarragoak sortarazteko ahalmena dutelako. Horregatik, patineteak karga-prozesua betetzen duen bitartean, 20 euro baino gutxiago balio duen opari batekin gela babestea justifikatuta legoke. Horrek, bizitza salbatu diezazuke, batez ere, ustekabea gauean gertatzen bada.
Mikel González De Reparaz, suhiltzailea
“112 hitzetan emergentziak saihesteko prebentzio-aholkuak”