argia.eus
INPRIMATU
‘Pastorola’: Handituz doa euskarazko rol jokoen eskaintza
  • Rolariak elkarteko kide Pello Gutierrezek sortu du Pastorola rol joko kolaboratiboa, Zuberoako pastoralen narratiba eta egitura oinarritzat dituena. Euskaraz jokatzea helburutzat hartuta, pasa den urtean Adur rol jokoa aurkeztu zuen elkarteak. Bide horri eutsi dio Pastorola-k.

Jon Torner Zabala @jtorner 2022ko irailaren 06a
'Atopia RPG', 'Adur', 'Pastorola'... euskarazko hainbat rol joko sortu da azken urteetan / Argazkia: Tabakalera Medialab

"Guk rol jokoak euskaraz jokatu eta sustatu nahi ditugu", azaldu du Gutierrezek Kazeta.eus-en. "Horretarako, beste hizkuntzetako rol jokoak euskaratu eta euskarazkoak sortzen ditugu". Follow, Fiasco eta Ellas jokoak izan ditu eredu egileak. "Rol jokoak mahai joko mota bat dira, elkarren artean istorio bat kontatzeko eginak, modu inprobisatuan", kontatu dio Irati Esparza-Guimon kazetariari, "ohikoena da jokalarietako bat gidaria izatea, istorioaren alde nagusia bere gain hartuta. Pastorolan ez dago gidaririk, jokalari guztien artean partekatzen da istorioa gidatzeko ardura hori".

"Iaz Abdelkader pastorala ikustera joan nintzenean pentsatu nuen pastoralen egitura narratiboa eta formak oso aproposak zirela rol joko narratibo bat egituratzeko", dio Gutierrezek. 

Joko berria Rolariak-en webgunean deskarga daiteke. Ale fisikorik ez dute sortu oraindik, baina Gutierrezek dio tirada txiki bat egingo dutela, Donostiako Ebla liburu-dendan salgai jartzeko inprimaketak izan dituen prezioan. Durangoko Azokan ere egongo da eskuragai. 

'Beldurrola'

Geroz eta gehiago dira rol jokoetan euskaraz aritzen direnak. Horren erakusgarri dira, esaterako, 70 bat lagun biltzen dituen @rolariak Telegram kanala, eta 2020an antolatu zuten Rolaldia, 80-100 lagun bildu zituena. Edota Atopia RPG, euskaraz sortu eta argitaraturiko lehen rol jokoa (Etzi Portu Maritimoa taldeak sortua 2019an).

Aurrera begira, Rolariak elkarteak badu ekimen gehiago esku artean. "Donostiako fantasiazko eta beldurrezko zinemaldiarekin lankidetzan, Beldurrola antolatuko dugu, beldurrezko rol jokoetan euskaraz aritzeko, eta Durangoko Azokan ere zeozer antolatzen ari gara", iragarri du Gutierrezek.