argia.eus
INPRIMATU
Usapal europarra
Pase garaiko protagonista
  • Ürx’aphal bat badügü
    herrian trixterik,
    Nigarrez ari düzü
    kaloian barnetik,
    Bere lagün maitiaz
    beit’izan ützirik:
    Kuntsola ezazie,
    ziek adixkidik.

Nerea Pagaldai Agiriano 2024ko urriaren 28a
Stephan Sprinz / CC-A-4.0-I

Etxahunek bere bertsoan bezala, literaturan neska gazte eta ederrari deitzeko erabili izan da ürx’aphal, usapal edo ttorttola. Fintasun eta liraintasunarekin lotu izan da beti eta euskaldunontzat maitea da. Bere kantuak emango dio agian izena “tur-tur” egiten duen hegazti honi: tortola, ttorttolia, usatortola edo uso txikia, izen ofiziala, aldiz, usapal europarra du.

Gorputz luzea du, fina eta arina. Bularraldeko lumak grisak dira baina arrosa puntua ere badute eta bizkarraldekoek, aldiz, laranja eta beltz kolorea dute. Isatsaren ertza zuria du, honen gainean marra beltz bat eta gorago gris kolorea gailentzen da, urdin puntu bat ere baduena, hegalak zabaltzean ere erakusten duen kolorea. Hain elegantea, lepokoa ere baduena, marra zuri eta beltzez osatutakoa. Laranja koloreko begi inguruan gorria ere badu. Horrelakoxea da tortola, koloretsua bezain ederra. Hau izango ote da euskaldunon bihotzetara heldu izanaren arrazoia?

Europa osoan zehar umatzen da usapala, baserri soroak hurbil dituzten baso irekiak ditu gustuko: belar-puntak, haziak eta aleak jateko. Udazkenean, irailean hasten du Afrikarantz bidea, Sahara hegoaldera joango da negua pasatzera. Hegazti hau arrunta da gurean, gehienbat pasean ikusten dugulako. Hain da ezaguna, pase garaian erreferentea dela: beste hegaztiak “tortola denboran” edo “tortola ostean” pasatzen dira.

Zoritxarrez, tortolaren populazioak gainbeheran daude eta horrek espeziea mundu mailan zein Europan “zaurgarri” eta Euskal Autonomi Erkidegoan “galzorian” sailkatzea ekarri du, horren gainbehera gelditu edo gutxitu nahian. Gainbeheraren arrazoiak hainbat dira, umatze lurretan, migrazioan zein negu-pasarako eremuetan hainbat mehatxu baitituzte. Alde batetik, habitataren suntsipenak eta labore tradizionalen aldaketen ondorioz, heskaiak, ibarbasoak eta abar desagertzen ari dira eta tortolak behar duen paisaiaren mosaikoa galtzen da. Gainera, nekazaritza intentsiboa geroz eta zabalduago dago eta nekazaritza mota honek pestizida eta herbizida ugari erabili ohi ditu. Horrek usapalaren elikagaia diren baina ekoizleak ez diren landare espezieak murriztea dakar, eta gutxi ez balitz, pestizidak hegaztientzat toxikoak dira, haien osasunean eragin kaltegarriak edo heriotza eragiten dituzte. Bestetik, tortolak migratzen ari direnean ehizatzeko ohitura oso zabaldua da, baina populazioen gainbehera dela-eta, oraingoz tortola ehizatzea debekatuta dago. Azkenik, Afrikara negua pasatzera iristean, bertako gehiegizko artzaintzak eragin negatiboa dauka.

Espeziearen arazoa mundu mailakoa izan arren, hain maitea dugun ürx’aphala babesteko, gurean gertatzen ari diren habitataren suntsipena zein pestizida eta herbiziden gehiegizko erabilpena gutxitu beharko genituzke, ekintza lokaletan hasten baita aldaketa. Ekintza lokalik gabe ez dago inpaktu globalik.