Botoen %55 lortu du Pascal Jocouk Beskoitzeko hauteskundeen bigarren itzulian. Fabienne Etchegaray aurkariak bozen %44 atera du. Hemezortzi kontseilari izango ditu gehiengoak, eta bost oposizioak. Berriako Ekhi Erremundegik eginiko elkarrizketan, ikastolaren aldeko konpromisoa berretsi du.
Beskoitzeko hauteskundeen bigarren itzulian Pascal Jocou irten da auzapez. Beskoiztarrek Fabienne Ayensa aurreko auzapezaren alkateordea aukeratu dute. 836 boz lortu ditu, boz guztien %55, eta Fabienne Etchegaray aurkariak %44, 668 botoekin. Jocou eta bere kontseilariak hemezortzi izango dira, eta Etchegarayrenak berriz bost.
“Kanpaina bereziki laburra izan da; biziki kontent naiz emaitzarekin, eta eskerrak eman nahi dizkiet bozetan parte hartu duten hautesle guztiei”, adierazi du Jocouk hauteskundeen emaitzak jakin ondoren, Berria-ren arabera. Ikastolen gaia azpimarratu du konpontzeko gaien artean. “Mahai baten inguruan jartzea lortzen dugularik, konbentzituak gara konponbideak atzematea lortuko dugula. Hori izanen da gure egiteko nagusia: herria baretzea eta arazoei konponbideak aurkitzea”. Etchegaray, berriz, “atsekabetuta” mintzatu da Beskoitzeko etorkizunaren inguruan. “Herriaren kudeaketa arlo anitzetan gaitasun handia duen zerrenda bat nuen. Ikusiko dugu hemendik aitzina nola pasatuko den”.
Hauteskundeen lehen itzulia
Hauteskundeen lehen itzulia ekainaren 16an egin zuten. Hiru hautagai ziren, Haritza Camblong, Jocou eta Etchegaray. Orduan ere Jocouk lortu zituen boto gehien, %36,48; Etchegarayk apur bat gutxiago, %34,2; eta gutxien Camblongek, %27,22. Hala ere, bigarren itzulirako Camblongek ez aurkeztea erabaki zuen, inoren aldeko bozik eskatu gabe. Camblong eta Jocou ikastolak eraikin berria egin zezan bidea erraztearen alde zeuden. Etchegarayk, berriz, gatazkari konponbidea bilatzeko deia egin zuen, nahiz eta, herri erabilerarako erositako lur eremu horretan ikastola eraikitzearen aurka azaldu.
Hauteskundeak aurreratu egin dira Fabienne Ayensa auzapezak dimititu zuelako. Beskoitzen ika-mika handia eragin du bertako ikastolaren gaiak. Prefabrikatuetan daude gaur egun, herriko etxeari alokatutako lurretan. Ayensak 2023ko abenduan lur horietatik joateko agindua eman zuen. Agindu hori udal kontseilariek atzera bota zuten. Horrek herrian sortu zuen giro tirabiratsuagatik dimititu zuen Ayensak.