argia.eus
INPRIMATU
Pasazaite argitaletxeak agur esatea erabaki du 10 urteren ondoren
  • Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2022ko ekainaren 29a
Xabier Queiruga Pasazaiteko editorea artxiboko irudi batean (argazkia: Dani Blanco).

“Azken hilabeteetan zehar ondo pentsatu ostean, eta arrazoi pertsonalak, familiarrak eta ekonomikoak (noski) tarteko, 2022 urtearekin batera, Pasazaiteren ibilbidea amaitzea erabaki dut”, azaldu du argitaletxeak Twitter bidez. Mezua lehen pertsonan idatzita dago, izan ere, Pasazaite sortu, bultzatu eta hamasei liburu publikatzeraino iritsi izanaren atzean, pertsona bat dago: Xabier Queiruga.  

2012an jarri zuen argitaletxea martxan, aspaldiko asmo bat gauzatuz. “Galiziako Rinoceronte Editorako Moisés Barciari deitu nion. Ez nuen ezagutzen. Itzulpena lantzen du. Berak azaldu zidan argitaletxearen alde enpresariala. Kalkuluak egin nituen eta aurrera”, azaldu zion ARGIAri 2016an egindako elkarrizketa batean.

Hamar urte hauetan musutruk egin du lan, honelako proiektuek nekez ematen baitute sosik. Honela esplikatu zuen jarrera hori Queirugak elkarrizketa berean: “Batzuek triatloiak egiten dituzte, mendiko martxak edo surfa... Nik gustuko autoreak argitaratzen ditut euskaraz. Baina, argi gera bedi, ez dut hobby bezala hartu nahi. Hobe gehiago argitaratuko banu eta ogibide bihurtu. Niri ekonomikoki ez dit deus uzten, eta hori ez da ona editorearentzat, ez euskal kulturarentzat orobat. Ahalaz, nahiago nuke honetaz bizi”.

Urtean bizpahiru liburu argitaratu zituen hasieran, irakurle euskaldunei oso ezagunak ez zitzaizkien idazleen obretarako sarbidea emanez. Andrej Longo italiarraren Hamar, Birgit Vanderbeke alemaniarraren Muskuiluak afaltzeko, Sjón islandiarraren Argoren ezpala edo ipuingile katalanei eskainitako Hobe kontatzen ez badidazu antologia izan ziren lehenbiziko urteetan irakurleak Pasazaiteri esker jaso zituen sorpresa atseginetako batzuk.

Idazle garaikideak eta, katalogo nagusiari erreparatuz gero, nagusiki europarrak izan dira Pasazaitekoak –Hassan Blasim irakiarra eta Etgar Keret israeldarra lirateke salbuespenak–. Europarra da oraingoz argitaratu duten azkeneko egilea ere: Ludmila Ulitskaia errusiarraren Soniexka, duela bi astetik liburu-dendetan eskura daiteke. “Hurrengo (eta azken) liburua maketatzen ari gara irailean kaleratzeko asmoz. Urte amaieran ateak behin betiko itxi arte liburuak banatzen jarraituko dugu”, adierazi du argitaletxeak.

Argitalpen-ildo nagusi horrez gain, AEBetako literaturan espezializatutako lerro bat ere jarri zuen abian Pasazaitek 2016an, David Foster Wallaceren Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat argitaratuz. Horri esker argitaratu dira euskaraz Jack Kerouac-en Errepidean, Carson McCullersen Kafe tristearen balada eta Cynthia Ozicken Xala ere.

Agur esateko txio-harian, Pasazaitek eskerrak eman dizkie bildumako liburuak euskaratu dituzten 13 itzultzaileei eta, noski, irakurleei: “Segi literaturaz gozatzen eta argitalpen eta kultura proiektuak eta liburu-denda independenteak babesten. Gogor lan egiten dute indarra hartu eta aurrera jarraitzeko babesleku bat izan dezagun”.