argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA |
Pasaportea, agintariei
  • "COVID pasaporteak ez du osasun kontuekin zerikusirik". Osasun sailburuordearen hitzak dira, berdin dio euskal lurraldeetako zein gobernukoak. Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko kide Txetxu Ausinen arabera pasaportea ez da eraginkorra kutsadurak ekiditeko. Oso herritar gutxi dira txertatu gabe daudenak, beraz neurriak eragiten diena. Txertatu gabe egoteak ez du esan nahi kutsatuta zaudenik, eta, batez ere, txertatuta egoteak ez du esan nahi kutsatua ez zaudenik eta kutsatu ezin dezakezunik. Zer dago erdian, orduan? "Zibismoa". Sailburuordearen hitzak, berriz ere.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2021eko abenduaren 20a

Agintarien zibismoari, ordea, diziplinatze kiratsa dario. Pasaporteak galbide autoritarioan sakontzearekin du zerikusia, ez zaintzarekin, eta, "zer edo zer" egiten denaren itxura ematearekin. Baina, batez ere, eztabaida publikoa kaiolatzearekin.

Zertaz hitz egiten dugu? "Pasaportea bai/ez" eztabaida "txertoa bai/ez" eztabaida kutsatuaren aldaera bat da. Eztabaida, ez ikuspegi komunitario batetik –interesgarria litzatekeena–, baizik dikotomiko eta punitibotik.

"Behekoen artean, are ezkertiarren artean mokoka, logika indibidualista eta punitibistak birsortuz eta normalduz. Antolatu ditzagun beldurra eta amorrua gora begiratuz, balore komunitario eta eraldatzaileetatik"

Are garrantzitsuagoa: zertaz ez dugu hitz egiten? Erizain lagun batek anbulatorioko lana utzi du, lan zamari eta zama emozionalari eutsi ezinik. Baina medikuak kontratatzeaz, hitz erdirik ez. Lagun irakasle batek asteak daramatza 8:00etatik 20:00etara lanean, konstituzioaren zubia ere lanean eman zuen. Ez irakaskuntzan, positiboak kudeatzen baizik, hogei gelatik hamaika autokonfinatu baitituzte; autokonfinatu, Osakidetzaren aztarnarien berririk ez dutelako. Baina aztarnari ezaz, hitz laurdenik ez. Hilabeteotako nire jarduera arduragabeena eta arriskutsuena garraio publikoa hartzea izan da. Iragan astean Donostiatik zetorren autobusa jendez lepo heldu zen Gasteizera, hustu, eta bost minututan bete genuen berriz ere kontrako bidea egin behar genuenok. Garraio publikoa indartzeaz, hitz hamaseirenik ez. Hori bai, pasaportea ezarri den aste berean lehen arreta "kasu larrietara" mugatzea iragarri zuen Gotzone Sagardui suminduta zuzendu zaie txertatu ez direnei: "Ez jolastu besteen bizitzarekin!". Herritarrokin nekropolitika egiten duen Osasun sailburua, herritarroi kargu hartzen bizitzaren izenean.

Baina... zer edo zer aldatzen ari bada? Pasaportea eskatzen ez duten tabernetan egon naiz egunotan; txertatuta egonik pasaportea ez deskargatzea erabaki duten pertsonen berri dut; herri mugimendu batzuk publikoki adierazi edo mobilizatu dira pasaportearen aurka eta osasun publikoa indartzearen alde; espazio autogestionatu batean asanblada egin dute eztabaidatzeko: pasaportea eskatu, ez eskatu publikoki jakinari gabe, edo ez eskatu desobedientzia ariketa publikoa eginaz. Beste une batzuetan sumatu ez dudan haserrea nabari dut. Norabide interesgarri batean antolatuko balitz?

Urrun gaude horretatik oraingoz. Boteretik inposaturiko eztabaida markoan kaiolatuta jarraitzen dugu: behekoen artean, are ezkertiarren artean mokoka, logika indibidualista eta punitibistak birsortuz eta normalduz. Antolatu ditzagun beldurra eta amorrua gora begiratuz, balore komunitario eta eraldatzaileetatik. Denon osasun fisiko, emozional eta politikoarengatik: gure artean pasaporterik ez; pasaportea gure agintariei (irteerakoa soilik).