argia.eus
INPRIMATU
Pasaporte-birusaren aldaera

Josu Arotzena Muxika @jarotzena 2021eko abenduaren 09a

Albo ondorioak badirela onartuta ere, estatistika datuetan oinarrituta, txerto kanpainen aldekoa naiz. Sor dezaketen onura kaltea baino askoz altuagoa dela frogatzen du estatistikak.

Kutsadura ahuldu edota aldaerak moteldu ditzakeen neurrian, norbanako soluzio baino konpromiso sozialtzat ulertzen dut txertaketa. Hala, CureVac txertoaren ikerketan boluntario gisa aritzeak beste aukera bat denon eskura izateko desioa du niregan.

Bat egiten ez badut ere, nola txertaketa norbanakoaren zilborrari begira eginiko ekintza dela pentsatzen duena hala ez txertatzeko erabakia hartzen duena errespetatzen saiatzen naiz. Aukera dudan neurrian, argudioak erabilita, iritziz aldarazten saiatuko naiz.

Baina covid pasaportearen erabakiarekin ez dut bat egiten.

Mundua globalizatu zaigun/dugun neurri berean globalizatu zaizkigu gaixotasunen kutsadurak. Europatik Ameriketara eramaniko baztanga eta elgorriaren kasuak ikastolan ikasi genituen. Birusa zenbat eta traba gutxiagoz zabaldu, txertoen babesa gaindituko duen aldaerak eratzeko arrisku handiago dagoela badaki zientziak. 

"Tokian tokiko %100 hamaika dosiz txertatzea baino, garrantzitsuagoa da herrialde arteko desoreka ahalik eta murritzena izatea, munduko biztanle bakoitzak txertatzeko aukera izatea, alegia"

Irtenbideak ez al du globalizatua izan behar? Mundu mailako txertaketa masibo eta koordinatuak hamaika herrialde garatuetan hirugarren dosia jartzea baino eragin nabarmenagoa luke? Zeintzuk dira erabaki horretarako mugak?

Mugaz betetako Europa ezagutu genuen, bai. Herrialde batetik bestera iragatean, pasaportea erakutsi behar genuen muga izeneko lerro artifizialean. Schengen eremuan pasaportea erakutsi behar ez izatearen aldaera gertatu zitzaigun. Geroztik, Erresuma Batura pasaporterik gabe joateko aukera joan zaigu. Eta orain zer? 

Autodeterminatzen jarraitzen dugun honetan jatetxe, ekitaldi eta hainbat aretora sartzeko pasaportea ezarri zaigu. Nazio berriak sortu zaizkigu. Suediako enpresa batek bere publizitatean dioen “ongi etorri nire jatetxeko/aretoko errepublika independentera” leloari, gehitu: “Baina pasaporteaz”. Pasaportearen aldaera honek duen benetako helburuaz galdegin diozue zuen buruei? Zein da orain polizia?

Pasaportearen aldaerak ez du birusaren aldaera arriskua geldituko, poliziak eta hirugarren dosiak ere ez. Txerto-elkartasunak gera dezake soilik, hala uste dut behintzat. Munduko populazioa zenbat eta txertatuagoa izan, aldaera eta birusa desagerrarazteko aukera gehiago dagoela dio zientziak. Horretarako, tokian tokiko %100 hamaika dosiz txertatzea baino, garrantzitsuagoa da herrialde arteko desoreka ahalik eta murritzena izatea, munduko biztanle bakoitzak txertatzeko aukera izatea, alegia.

Beraz, herrialde desberdinetako aurrekontuak negoziatu eta erabakitzen ari garen unean, ba al dugu elkartasun politika komunitarioa egiteko gaitasunik? Ba al da mundu mailako erabakiak hartzeko aldaeraren alde egiteko ausardiarik? Ala tokian tokiko LABI politikoen zilborrari begira, gaixorik dagoen gizartearen desagerraraztea noiz gertatu zain geratuko gara? 

Pasaportearen aldaera baino politiken aldaera eraginkorragoa izango delakoan, txertatze-elkartasun gehiago eta polizia gutxiago!