Ostiral arratsaldean hasi da Espainiako Gobernua jakinarazten zein lurralde pasa den lehen fasera deskonfinamenduari dagokionez. Nafarroari baimendu dio lehen fasera igarotzea, eldiario.es-ek aurreratu duenez. Ondoren, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ere pasa direla jakinarazi du Fernando Simonek prentsaurrean.
Espainiako Osasun Ministerioak Nafarroako gobernuari jakinarazi dio deskonfinamenduaren lehen fasera pasatzeko baimena ematen diola. Ondoren, Salvador Illa Osasun ministroak eta Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendari Fernando Simonek eman dute prentsaurrekoa elkarrekin. Bertan jakinarazi dute estatuko zein lurraldek egin duten aurrear eta zeinek ez. Hego Euskal Herriko lau lurraldeak konfinamendua arintzeko lehen fasera igaroko dira astelehenean, bertan jakinarazi dutenez.
Apirilaren 28an Espainiako gobernuak jakinarazi zituen lehen faseak ekarriko zituen aldaketak: hamar pertsona arteko bilkurak onartuko dituzte etxe barruan eta kanpoan. Taberna eta jatetxeen terrazak irekiko dituzte, eserlekuak mugatuta. Liburutegi eta museoak ere irekiko dituzte. Azoka eta 400 metro koadro arteko dendek irekitzeko baimena izango dute. Merkatal guneak ezingo dira ireki. Terrazak edo ostalaritzan, hotel edo alojamentu turistikoak irekitzeko baimena emango dute, espazio komunak salbuespen hartuta. Lokalak irekitzean ordutegien mugak egongo dira. Otoitzerako guneak ireki ahal izango dira aforoa neurtuta. Garraio publikoan maskarila "bereziki gomendua" izango da. Udalek azokak irekitzeko baimena izango dute, postuen laurdena jartzen badute. Hala ere, larunbatean argitaratuko ditu Espainiako Boletin Ofizialak zehaztasunak.
Datorren astean neurri hauek baloratuko dituztela adierazi du Illak eta baloratuko dutela zeinekin jarraitu aurrera. Fase bakoitza, gutxienez, bi astekoa izango da.
Iñigo Urkulluk eskatua zion Espainiako Gobernuari lurraldeen artean bidaiatzeko aukera bermatzeko.
Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendari Fernando Simonek eguerdian jakinarazi du lehen fasean orain arteko berak izango dira kalera ateratzeko ordutegiak, aldaketa txiki batzuekin. Helburua talderik zaurgarrienak babestea izango dela adierazi du ostiralean egindako agerraldian.