argia.eus
INPRIMATU
Pasaitarren iniziatiba, jauzi handia hondakinen eztabaidan
  • Pasaiako herritar talde batek udalari eskatu dio hondakinen Atez Ateko gaikako bilketa ezarri dezala, sistema herriaren ezaugarrietara egokiturik. Alkateak aurrekontuetan horretarako dirurik ez daukala aitortu duen arren, Pasaian Zero Zaborren inguruan ziento erdi jendek aldarrikatu dutenak aldaketa berria dakar Gipuzkoako eztabaidara.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2013ko otsailaren 25a
Hainbat herritar jendaurrera agertu ziren Atez Atekoarentzat aukera baten eske.

Diario Vasco eta Noticias de Gipuzkoak emandako albisteez gain, Hitzak eskainitako kronikan daude bildurik bideoz ere Pasaia Zero Zaborren inguruan otsailaren 23an bildutako herritarrek agerraldi publikoan esandakoak, lehenago Hitzan bertan taldeko kideek azaldutako ideien ildotik: hondakinak ezkutatuz umeek bezala jokatzen dugu arazoa ukatuz, hondakinek erakusten dute zenbaterainokoa den daukagun eredu kontsumistaren xahuketa burugabea, hondakinak nahastuta biltzeak areagotu egiten du arazoa, lehen urratsa da gaikako bilketa orokortzea, blokeo politikoak gainditu behar ditugu…

Baina, gainera, pasaitarrok solidaritatea eta justizia nabarmendu dituzte hondakinen ekuazioa ondo askatzeko. “Pasaiako herritarroi ezinezkoa egin zaigu begiak itxirik jarraitzea. Jakitun gara gu ere arazoaren parte garela. Jakitun gara guk nahasturik botatzen ditugun jan hondarrak beste batzuen etxe ondoan usteltzera bidaltzen ditugula. Ez dugu injustizia horrekin segitu nahi. Gure zaborrak jasotzen dituzten herrietako biztanleekin zorra daukagu. Haien sakrifizioak gure ahalegina eskatzen du. Zaborretan zaborra ez den ezer joango ez dela bermatu behar diegu, material ustelgarririk bidaliko ez diegula ziurtatu behar diegu”.

Pasaiako herritarron aldarrikapenak egoki erantzuten die zabortegiek eta errauskailuak kaltetutako herrien kexuari eta, nork bere hondakinen ardura bere gain hartzea proposatzean, kontrastea egiten du jendeei gaikako bilketaren derrigortasunaren kontra balkoietan zabor poltsak eskegitzea eskatzen dieten beste talde batzuen jarrerarekin.