argia.eus
INPRIMATU
Pasaiako segadaren 35. urteurrenean, estatu indarkeriak hildako hainbat pertsona oroituko dute Azpeitian
  • Pasaiako segadaren 35. urteurrenean, estatu indarkeriak hildako hainbat pertsona oroituko dute. Larunbatean izango da ekitaldi nagusia, Azoka Plazan. Ostiralean, lore eskaintza egingo dute, monolitoan. Erakusketa ere zabaldu dute. Pasaiako segadan hildakoen senideak Nazio Batuetako erakundeetara jotzea aztertzen ari dira.

Uztarria 2019ko martxoaren 22a
(Argazkia: Uztarria)

Martxoaren 22an, 35 urte beteko dira Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako kide ziren Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituenetik. Urtero egin ohi duten bezala, Pasaiako segadan hildakoen senide eta lagunek hainbat ekintza prestatu dute urteurrenaren bueltan. Ostegunean egin zuten ekitaldiak aurkezteko agerraldia Azpeitiko Basazabal jauregian; bertan izan ziren Arantxa, Lurdes eta Beatriz Isart Pelitxoren arrebak, Pello Aizpuru Kurroren anaia eta Xanet Esnaola eta Yuri Agirre Pasaiako Sarraskia Argitu herri ekimeneko kideak.

Aurten, berezitasun bat izango du urteurrenaren bueltan prestatu duten egitarauak. Izan ere, Pasaian gertatutakoa salatzeaz gain, "estatu indarkeria jasan duten hainbat kasu mahai gainera ekarri" nahi dituzte. Horregatik, estatu indarkeriak hildako hainbat pertsonaren kasuak gogoratuko dituzte. Honako hauek dira oroituko dituzten kasuak eta pertsonak: Txiki eta Otaegi, 1976ko martxoaren 3an poliziak Gasteizen hildako langileak, 1978ko sanferminetan Espainiako segurtasun indarrek hildako German Rodriguez, torturen ondorioz hildako Joxe Arregi, Ramon Oñederra Kattu errefuxatu azkoitiarra –GALek aldarrikatutako lehen hilketa–, 1989ko azaroan Madrilen hil zuten Josu Muguruza eta 1980tik desagertuta dagoen Jose Migel Etxeberria Naparra.

Larunbatean egingo dute Pasaiako segadaren urteurreneko aurtengo ekitaldi nagusia, 19:00etan, Azoka Plazan, eta bertan izango dira estatu indarkeriak hildako pertsona horien senideak, baita Eñaut Elorrieta musikaria ere.

Esnaolaren arabera, Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan, "giza eskubideen urraketa etengabeak tragedia handia" izan dira milaka familiarentzat, eta tragedia hori "aitortu, onartu eta erreparatu" beharra dago, "bere osotasunean". "Kasu bat bera ere ezin da geratu ahanzturaren zakuan zokoratuta; alde guztietako biktima guztien aitortza egin beharra dago".

Era berean, Egiari Zor fundazioak egindako ikerketa ekarri zuen gogora Esnaolak. Ikerketa horren arabera, estatuko agenteek eragindako heriotzak 219 dira, "guda zikinak" eragindakoak 78,  salbuespenezko neurri politikoen aplikazioaren eraginez hildako pertsonak 63, eta eraso faxistek eta eskuin muturrekoek eragindakoak lau. Espainiako Estatuaren indarkeriaren eraginez hildako 364 herritarretatik 82k baino ez dute jaso "nolabaiteko aitortza ofizialen bat"; alegia, %22,5ek. "Beraz, bost biktimatik lauk ez dute inolako aitortzarik jaso", esan zuen. Gainera, Eusko Jaurlaritzak eskatuta Pako Etxeberria auzi medikuak zuzendutako torturari buruzko ikerketaren arabera, 1960tik gaur arte lau mila tortura kasu baino gehiago daude identifikatuta, eta horietatik %1 baino ez da aitortua izan.

Nazio Batuetako erakundeak jomuga

Arantxa Isartek "azken urte luze hauetan" jasotako "elkartasuna eta maitasuna" nabarmendu eta Pasaiako segadaren bide judiziala zertan datzan azaldu zuen. Hark gogorarazi zuenez, Espainiako bide judizial guztiak agortuta daude: "Froga berriak azaltzen ez diren bitartean, kasua artxibatuta dago. Artxibatzeko kaleratu zuten autoan 'hilketa zantzuak' daudela aitortzen bazuten ere, ezer gutxi egin dute urte guzti hauetan arduradunak identifikatu eta zigortzeko". Bide judizial horretan Azpeitiko Udalak emandako babesa eta laguntza eskertu zuen Isartek.

Espainiako bidea agortuta dagoen arren, beste bide batzuk erabiltzea aztertzen ari direla jakinarazi zuen Isartek: Nazio Batuetako Erakundeetara jotzea, hain zuzen ere. "Pasaiako badian egin zuten sarraskiak behar duen aitortza jaso bitartean, tinko jarraituko dugu lanean, ez dugu etsiko".

Pasaiako segada eta aipatutako hildakoen kasuak gogoratzeko, erakusketa prestatu dute Hamaika kasu, aldarri berbera izenburupean. Erakusketa hilaren 29ra bitartean izango da ikusgai, Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Astegunetan 18:00etatik 20:00etara irekiko dute, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara.

Gaur, ostirala, urteroko lore eskaintza izango da Enparan dorretxearen atzeko monolitoan, 19:00etan hasita.

Albiste hau Uztarria-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu.