argia.eus
INPRIMATU
Pasaiako segadan hildakoak gogoan izan dituzte Azpeitian
  • Asteazkenean 33 urte bete dira Komando Autonomo Antikapitalistetako Dionisio Aizpuru Kurro, Pedro Mari Isart Pelitxo, Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu hil zituela Espainiako Poliziak.

Uztarria 2017ko martxoaren 23a

Martxoaren 22an, urtero legez, Enparan dorretxearen atzeko zelaian jarritako monolitoaren bueltan elkartu dira Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo-ren senitartekoak eta hainbat herritar. 33 urte bete dira Kurro eta Pelitxo, Komando Autonomo Antikapitalistetan kide zituzten Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu-rekin batera, hil zituela Espainiako Poliziak Pasaiako badian. Ohiko lore eskaintzarekin batera, Maria Pilar Arbelaitz Kurroren amak eta Arantxa Isart Pelitxoren arrebak monolitoari jarri dioten plaka berria azaleratu dute; denborarekin ezabatzen hasia zen aurrekoaren testu bera jasotzen du Pasaiako segadan hildako lauren omenezko plaka berriak.

Ekitaldia bertso batekin ireki du Jokin Urangak. Ondoren, duela 33 urteko gertaeren gaineko Pasaiako badia dokumentala egiten ari den Oinatzak Produkzioak-eko Erik Aznalek hartu du hitza; dokumentala udazkenerako prest izatea espero dutela esan du. Xanet Esnaolak, berriz, Pasaiako hilketak argitzeko orain arteko bide judizial antzuaren errepasoa egin du; Udalak eta familiek Espainiako Auzitegi Konstituzionalean jarritako babes helegitea izan da azken pausoa, baina horretan ere "esperantzarik ez" dutela adierazi du. Eskertu du, hala ere, Udalaren babesa eta, bereziki, herritarrena, baina kritiko azaldu da Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin, bilera eskatu eta zortzi hilabete behar izan zituztelako batzartzeko. Aurten lehen aldiz, Pasaiako segada gogoratzeko egitasmoak Iruñera ere, Txapasen eta Peluren sorterrian, eramango dituztela nabarmendu du Esnaolak, eta hara joateko gonbita luzatu du; zapatuan izango da, martxoaren 25ean, eta Orkatzen eman daiteke izena autobuserako.

Arantxa Isartek hitz egin du familien izenean. Herritarren babesa eskertu du eta, "hainbeste urte eta gero" beren senideen heriotzak argitzeko borrokan jarraituko dutela berretsi du, "inpunitate osoz" gertatutakoak bere horretan ez daitezen gelditu.

Albiste hau Uztarriak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra