argia.eus
INPRIMATU
Pasaiako segadan hildako lau pertsonak estatu indarkeriaren biktima gisa aitortu ditu Eusko Jaurlaritzak
  • Espainiako Poliziak duela 41 urte hil zituen tiroka Dionisio Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas gazteak, Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak. 

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko martxoaren 18a
Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordearen dokumentazio bat argitara eman du esklusiban Pasaiako segadan hildakoen memoriaren aldeko kolektiboak: Jaurlaritzak laster aitortuko ditu hildakoak estatu indarkeriaren motibazio politikoko biktima gisa. Erabakia baloratzeko eta detaile gehiago emateko, asteazken honetan egingo du prentsaurrekoa Pasaia Argitu kolektiboak.

Jaurlaritzaren txostenak honako hau jasotzen du, besteak beste. "Autopsiak hortxe daude; lau gazte zuloz josita, eta frogarik ez dago lau gazteek armak erabili zituztela esateko –kontakizun ofizialak hala dio, bi aldeen arteko tiroketa egon zela–; polizia-agintariek behin eta berriz uko egin diote esateari nortzuek agindu edo parte hartu zuten gertakari haietan".

Azken horri lotuta, Jaurlaritzaren batzorde horrek dio ikerketa "eskasa" izan zela, informazioa "berandutzea, oztopatzea eta ezkutatzea" lortu zela, eta, hortaz, "ikerketa judiziala bultzatzeko jarrera proaktiborik" ez zela egon: "Inork inolako ikerketa eginbiderik proposatzen bazuen agenteak identifikatzeko edo gertakari haietan gertatu zena argitzeko, fiskaltzak, ia-ia beti, aurka egin du".

Gauzak horrela, nahitara burututako hilketaz hitz egiten du Jaurlaritzaren txostenak: "Gertakarietatik ondoriozta daiteke lau pertsona hil zirela Poliziak aldez aurretik nahita edo planifikatuta egindako erasoaren ondorioz, eta bizia nahita kendu zitzaiela. Garondoan tiroa duten hiru biktima izateak, hurbiletik egindako tiroen ezaugarriak direla eta, kezka areagotzen du zentzu horretan".

Urtemuga gainean

Larunbatean, martxoaren 22an beteko dira 41 urte Pasaiako segadatik eta ingurumari horretan helduko da Jaurlaritzaren aitortza. 

Auzia ez da erabat geldirik egon azken urteotan. Esaterako, duela urte bi, Donostiako epaitegian, sarraskian parte hartutako Espainiako polizia agenteak identifikatzeko saioak egin zituzten. Komando Autonomoetako lau kideen hilketekin lotuta egon zitezkeen hiru agente ohi egon ziren saioetan, eta ez ziren azaldu beste lau. Ez zen obligaziozkoa. Kasuak irekita jarraitu zuen, eta 39. urtemuga horretan adierazten zenez, une horretan ezin zituzten "lau hildakoak estatuaren indarkeriaren biktima izendatu, EAEko legeak ez duelako uzten ikerketa irekita dagoen garaian halakorik egitea".

Data buelta horretan ezagutarazi zen EHUren Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedraren txosten mardula, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz eginikoa. Argi zioen ondorioetan: "Ez da zentzuzkoa onartzea ezinezkoa dela Pasaiako operazioaren agintean egon ziren eta zuzenean edo zeharka parte hartu zuten agintariak zehaztasunez identifikatzea". Eta, Jaurlaritzaren aipaturiko batzordeak orain dioen bezala, EHUko Katedra horrek ere bazioen ez zegoela "ikerketa judiziala bultzatzeko jarrera proaktiborik".

39. urtemugaren testuinguruan, ARGIAk azala eskaini zion gaiari 2818. alean: Miel Anjel Elustondok elkarrizketatu zuen segadan eraildako Dionisio Aizpururen anaia, Pello Aizpuru.