Abuztuaren 2an Pasaiako portuan izandako sutea salatu du Badian Bizi plataformak fiskaltzan. Afera ikertzeko eskatu dute bizilagunek eta horrekin batera, kaltetutako ehun herritar ingururen sinadurak aurkeztu dituzte auzitegian.
Josu Pikabea eta Karmen Clemente bizilagunek hitz egin dute Badian Biziren izenean. Berria egunkariak jasotako adierazpenen arabera, “osasunaren eta ingurumenaren aurkako delitua” izan zen abuztuaren 2ko sutea bizilagun hauen ustez.
Instituzioen jarrera ere kritikatu dute salaketa fiskaltzan aurkeztearekin batera, herritarrei ez zietela informatu deitoratuz. “Oraindik ez dakigu sutean ze material erre zen, ezta ze partikula isuri ziren ere airera eta uretaa”, adierazi dute Badian Biziko kideek. “Erantzuleak bilatzeko” eskatu diote fiskaltzari.
Lezoko kaian zegoen txatarrak su hartu zuen hil honen hasieran: 2.000 tona material ziren, dagoen informazioaren arabera blokeetan trinkotutako autoz osatua. Suteak ke adar handia eragin zuen eta Gipuzkoako hainbat lekutatik ikusi ahal izan zen, egoera larria eraginez –inguruko etxeetako leihoak ixteko gomendatu zuten larrialdi zerbitzuek–.