argia.eus
INPRIMATU
Pasaiako portuko jardueraren kalteak salatzeko Badian Bizi plataforma sortu dute herritarrek
  • Ostegun goizean egin dute prentsa-agerraldia. Pasaiako portuko karga-deskarga lanek, herritarren osasunean eta bizi-kalitatean duten kaltea salatzeko.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko abuztuaren 09a
Prentsaurrekoa eskaini dute ostegun goizean. (Argazkia: Ahal Dugu Pasaia)

Prentsa oharrean adierazi dutenez, egunero jasan behar dute kutsadura, “aireak eta zaratak eragindakoa”. “Ia egunero ikusten ditugu txatar pilak kea dariela, inolako kontrolik eta filtrorik gabe, produktu kimiko arriskutsuen eta kutsakorren deskarga “axolagabeak” ere eguneroko ogi ditugu; ongarri kimikoak, kaolina, taladrina eta are, beti ukatzen den arren, gai erradiaktiboak”.

“Marmitari gainezka eginarazi dion tanta”, abuztuaren 2an gertatutakoa dela esan dute. Azaldu dutenez, txatar pilak suteak eragin ondoren, zortzi ordu eta  21.000 litro ur behar izan zituztela sua itzaltzeko. “Gerora jakin dugu 21.000 litro ur kutsatu itsasora isuri zirela eta ez zela bainurako zein arrantzarako debekurik ezarri”, salatu dute.

Gaineratu dute, herritarren kexei entzungor egiten diela agintariek, portuak herritarrei ekarri dien “aberastasuna eta ongizatea” baino ez dituztela aipagai.

Egindako prentsaurrekoan, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta Lezoko, Pasaiako, Errenteriako eta Donostiako Udalei eskatu diete abuztuaren 2ko gertaerak ikertu, errudunak zigortu eta egoera “jasan ezina” konpontzeko.

Bestetik, argi utzi nahi izan dute ez daudela portuaren aurka, gauzak behar bezala egitearen alde daudela. “Karga deskarga lanak egin daitezela inguruko herritarren osasunarentzako berme guztiekin”.

Amaitzeko, osasun publikoaren kontrako delituagatik, salaketa jarriko dutela jakinarazi dute.